Hamazazpi urte beteta, ospakizuna eta agurra?

Mirari Altube Arrese 2022ko mai. 10a, 10:20

Aretxabaleta kirol elkartearen parte den areto futboleko taldeak hamazazpigarren denboraldia bukatu du asteburuan; 2005ean sortua lagun talde batek, nahikoa arrazoi dela hori ospatzeko iritzi eta egun osoko jaialdia egingo dute maiatzaren 14an.

Areto futbola gustuko zuten hainbat lagun elkartu eta kirol federatuan ekiteko asmoarekin areto futboleko taldea sortu zuten
2005eko irailean, UDAren babes
pean. Sortzaileen artean dago Martin Antxia Abasolo, eta oraindik ere taldearen bueltan dihardu lanean: "Ondo pasatzea genuen helburuen artean, eta kirolean jardutea partiduak aitzakia hartuta". Ordutik hona, ibilbide luzea egin du taldeak, eta Euskal Ligan dabil gaur egun, sortu zenean baino bost kategoria gorago; zapatuan, Basaurin jokatuko du denboraldiko azken partidua. Eta ikusi egin behar hamazazpi urteotako azkena den.

Indarrak ahitzen

Areto futbolean jokatzen duen UDAren talde bakarra da; ez du harrobirik, ezta kudeatze-egiturarik ere. Antxiak argi du taldea oraindik bizirik egotearen arrazoia jendea dela: "Beti taldekide berberen energiarekin elikatu gara; izan ere, entrenatzaile lanetan eta ardura postuetan antzekoak egon gara. Bizirauteko berme bat izan da hori, baina, aldi berean, zirkulu itxi bat".

Taldea bere lekua egiten joan da urteotan: "Hasieran, zarata gutxi ateratzen genuen eta ez ziguten garrantzi handirik eman. Mailaz igotzen joan ahala, oihartzun handiagoa izan dugu". Almen ikastetxeko kiroldegian hasi zuten ibilbidea, eta jendea erakartzeko ogitartekoak eta edariak debalde eskaintzen zituztela du gogoan Antxiak.

Denboraldia zapatuan agurtuko dute, Basauriko Soloarte taldearen aurka jokatuta. "Indartsu ekin genion denboraldiari irailean, baina Gabonen ostean beheralditxoa izan genuen: lesioak, lan kontuak... Beti gertatzen zaigu. Sailkapenaren erdialdean bukatuko dugu, lasai".

Etorkizunari begira jarrita, baina, hodei beltzak ikusten ditu: "Pertsona berberak ari gara azken urteetan esfortzua egiten taldeak biziraun dezan, eta gure indarrak ahitzen dabiltza". Eta argi du aurrera egitekotan odol berriarekin izan behar duela: "Horregatik
animatzen dugu jendea taldera
edo UDAra gerturatzera".

Jaia maiatzaren 14an

UDAren 75. urteurrenaren baitan, areto futbolak ere izango du lekua. "Zer antolatu pentsatzen jarri, eta sekula ez dugula ospakizunik egin konturatu ginen; halaxe, egun osoko egitarau dotorea gertatu dugu", azaldu du Antxiak.

Datorren eguenean ekingo diete ekitaldiei, Segundu bat bizitza da! ikus-entzunezkoarekin: "Taldearen sorrera eta eboluzioa jaso ditugu hor, bizipen eta anekdota askorekin osatuta; hamazazpi urte 45 minutuan laburtuta".

Maiatzaren 14an, ostera, egun osoko jaia egingo dute. Goiz partean kirola izango da protagonista –hiruko txapelketa eta
penaltiak– eta arratsaldean,
musika: "Gurekin jardundako jokalari askok musika taldeetan dihardute, eta horiek batu gura izan ditugu". Erne, Iluminatizz eta Berandu Baino Lehen taldeak, Biri eta Cryne rap kantariak eta AZ Gaubelak izango dira Kurtzebarri eskolako pista eta Iturrigorri pilotalekua girotzen.

Hona hemen egitaraua osorik:

Maiatzak 12

• 18:45 eta 20:00: Dokumentala: Segundu bat bizitza da! (Arkupe)

Maiatzak 14

  • • 09:00: Lehiaketa 3x3 (Kurtzebarriko pista).
  • • 10:30-12:00: Sagardoa eta txistorra: 2 euro, txistorra bokata; 3 euro, sagardoa (basoa); eta 4 euro, pintxoa eta sagardoa.
  • • 12:00-14:30: Penalti bikoitzaren tonbola.
  • • 14:30: Bazkaria taldekideek.
  • • 18:00-22:00: Kontzertuak: Erne, Iluminatizz, Berandu Baino Lehen, Biri eta Cryne.
  • • 19:45-20:00 Sari banaketak.
  • • 22:00-01:00 AZ Gaubelak (Iturrigorri pilotalekua).

Txapelketak

3x3 lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da. Aurretik egin daiteke mezu bat bidalita futsaluda@gmail.com helbidera edo Instagram bidez: @udaretofutbola (kontzeptua: 3x3 Futsal + taldearen izena). Egunean bertan ere eman daiteke txosnara gerturatuta, 09:30ak baino lehen; 6 euro ordaindu beharko du talde bakoitzak.

Norgehiagokak 10:00etan hasiko dituzte eta partidu bakarreko kanporaketak izango dira. 10 minutu iraungo dute partiduek (erlojua gelditu gabe) edo hiru gol sartu arte; final-aurrekoak eta finalak, ostera, 15 minutu iraungo dute edo 5 gol sartu arte.

Irabazleak jasoko ditu kopa eta Bergarako Zumelaga jatetxean bazkaria.

Penalti-jaurtiketa txapelketa ere izango da 12:00ak eta 14:30ak bitartean. Baloia sartu beharko da atean jarritako lonaren zulotik. Jaurtiketa baterako euro bat ordaindu beharko dute jokalariek, eta hiru jaurtiketa botatzeko bi euro.

Sari politak jasoko dituzte golegileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak