Atzera begiratu, aurrera jarraitu

Mirari Altube Arrese 2022ko api. 6a, 11:25

Aretxabaleta Kirol Elkartearen gidari izandako hamalau presidentek urrezko intsignia jaso zuten domekan. Horietako hiruk eta gaur egungoak, Agurtzane Elkorok, UDAren ibilbidearen eta etorkizunaren gainean jardun dute.

Elkarteak 23 presidente izan ditu, guztira, eta omenaldia jaso zuten domekan bizirik daudenek; hona hemen horiek: Miguel Igartua, Roberto Urreta, Jabier San Miguel, Alberto Arkauz, Eloy Uriarte, Iñigo Olabe, Manolo Zubillaga, Jose Angel Etxeberriarteun, Martin Garai, Jokin Antxia, Eduardo Altube, Juan Mari Enekotegi eta Adrian Merino.

Atzera begiratzea, aurrera jarraitzeko komeni dela esan izan da eta Jabier San Miguelek, Jokin Antxiak eta Adrian Merinok atzera begiratu dute lehenengo eta elkartearen erronken gainean jardun gero.

Jabier San Migel

1970 eta 1972 artean presidente

Bi denboralditan izan zen pre
sidente San Migel, baina a ze bi denboraldi. 25 urte bete zituen orduan elkarteak, eta hori ospatzeko kirol lorpenen bat gura zuela du gogoan: "Urte berezia izaten ahalegindu behar genuela esan nien zuzendaritzako kideei. Baita lortu ere".
Lehen denboraldian Gipuzkoa
ko txapelketa irabazi zuen futbol taldeak, eta bigarrenean, ez bat eta ez bi, lau baizik: "Liga lehenengo; gero, Erregional Mailakoa, finala Atotxan jokatuta; hirugarrenik, Gipuzkoako afizionatu mailako txapelketa; eta bukatzeko, Espainiako bost kanporaketa gainditu ostean". Murtzian izan zen partidu hori presidentea bertan zela: "Itzulitakoan esan zidaten oso gertuan bizi izan zela Aretxabaletan. Radio Popular irratitik eman zuten eta huraxe entzuten egon ziren herritarrak. Irabazi zuenean, xanpain barik geratu ziren taberna eta elkarte guztiak!".

San Migelek emakumeei egin zien lekua zuzendaritza batzordean: "Lehenengoz sartu ziren orduan, Lourdes Llodio eta Lucia Arregi. 75. urteurrenean haiekin ere gogoratzeko eskatu dut".

Aurrera begira jarrita proiektuari jarraipena eman beharko lioketela uste du: "Pentsa zenbat gazte dabiltzan! Eta hori garaipen handia da. Baina txapelketaren bat irabaztea eskatuko nuke, horrek beti pizten du ilusioa".

Jokin Antxia

1989-1991 eta 2004-2009 denboraldietan presidente

Bi sasoitan izan zen presidente
Antxia, eta bi sasoiak oso ezberdinak izan zirela du gogoan; bereziki, elkartearen funtzionamenduari dagokionez: "Ibarrak belar naturala zuen lehen aldian, eta harekin batera anexoa zegoen entrenamenduetarako. Orain baino talde gutxiago izan arren, zelaiak kudeatzea izugarrizko lana zen: belarra moztu, sareak jarri, markatu, orain goiko zelaian jokatu behar, orain behean... Instalazioak eztabaidatarako kontua ziren une oro". Sasoi hartan, hain zuzen ere, futbol zelai berriaren proiektua bideratuta utzi zuten eta bigarren aroan guztiz bestelako instalazioa topatu zuen: "Ilunduta ere jokatzeko eta entrenatzeko aukerarekin, esaterako". Komunikazioan ere aurrerapen handiak gertatu zirela dio –eskuko telefonoak, posta elektronikoa...– eta barneko zein Federazioarekin zuten harremana asko erraztu zuela horrek.

Kirol lorpenei ez die aparteko garrantzirik eman. "Kirola egiteko, ondo pasatzeko eta lagunak egiteko elkarte bat da. Eta, ildo horretatik, uste dut gure sasoiko lorpen handiena izan zela futbol eskola sortzea. Ziklo nahiko ilunari bukaera eman zitzaion horrela; izan ere, mutiko batzuk Bizkaira joaten ziren entrenatzera eta horregatik arazoak genituen Aldundiarekin eta Federazioarekin. Hori moztu nahi genuen, baina UDAri ere ondo zetorkion horiek ikasita itzultzea...". Futbol eskolak sortu zirenean Gipuzkoan "bake soziala" iritsi zela du gogoan.

Umetatik jaso zuen UDArekiko maitasuna; aita, hain zuzen ere, zuzendaritzan egondakoa zen, eta oso zalea. "Lehenengoz sartu nintzenean krisialdi bat zetorrela antzematen zen. Eta gure helburua izan zen UDAk jarrai zezala izaten ordura arte izandakoa". Ildo horretatik, azken urteetan egindako lana begi onez ikusten du eta aurrera begira dagoen erronkarik handiena orain dauden kirolei eutsita berriak ekartzea dela uste du: "Futbola osatuta dago eta afizioa ere badago; horregatik, beste kirol arlo batzuetan egin behar da ahalegina".

Adrian Merino

2013 eta 2017 artean presidente

Presidente izandako sasoian
egindako lagunei balio handia eman die; betiere, lorpenak ahaztu barik: "Hirugarren mailara igo ginen, futbol zelai berria egiteko oinarriak ezarri ziren, emakumeen taldea sortu zen bailarako beste herri batzuekin batera, beste kirol sail batzuk bultzatu ziren, digitalizazioan sakondu zen asko, drogaren aurkako kanpainarekin hasi ginen... UDA aurretik joaten saiatu izan da beti".

Emakumeen kirola bultzatzen saiatu izan ziren sasoi hartan; bereziki, futbolean. Baina asmatu ez izanaren arantzatxoa du: "80ko hamarkadan hasi zen emakumeekin zerbait egin nahian UDA; gero, Almenekin batera, baita Arizmendirekin ere; eta geroago, bailarako hainbat elkarterekin. Baina ez dugu asmatu oraindik formula zein den".

Pandemiaren erruz "bi urte zail" bizitzea tokatu arren elkartea osasuntsu dagoela uste du: "Sekula baino kirolari gehiago daude, lizentzia kopurua urtero gora doa, eta hori da osasunaren erakusgarri. Egia da herri mailako ekitaldiak egiterik ez dela izan, eta hori pena da. Orain, 75. urteurrenaren bueltan ekintza mordoa daude, eta ea bueltatzen den dinamika hori".

Aurrera begira bidea zehaztuta dagoela dio: orain arte egindako lanari jarraipena eman. "Bizirik dagoen elkarte bat da, herritarrok osatutakoa, eta beharrak beste batzuk baldin badira, hor ere egon beharko da. Beti bezala, aurrera jarrai dezala proiektuekin, herrira begira, eta herriarendako lanean".

Agurtzane Elkoro

2016a ezkero presidente

UDAk izan duen lehenengo pre
sidente emakumezkoa da Elkoro. Orain dela sei urte hartu zuen haren gidaritza eta lehenengo biak Merinorekin batera egin zituen: "Ohorea da emakume izatea hainbeste gizon dagoen elkartean, baina, zalantza barik, UDAko presidentea izatea da ohorerik handiena". Eta gustuko tokian ez dela aldaparik dio: "Hauxe da gustuko dudana eta pasioz bizi dut. Eta
hainbeste neska-mutil kirola
egiten ikusteak bete egiten nau". Hala ere, onartu du neskak askoz gutxiago direla: "Kopuruak gora egin badu ere, oraindik ez da handia. Aukera berberak emanda ere gehiago kostatzen zaigula kirola egitea esango nuke; bereziki, 17 urtetik gora. Eta taldeko kirola are gutxiago egiten da".

Futbolaren bueltan sortu zen elkartea, 1946an, eta oraindik ere pisu handia du horrek: gaur egun, 610 kirolari ditu eta horietatik 400 baino gehiago daude futbolean. "Oraindik erregea da, eta gurean, are eta gehiago, Gipuzkoako edozein futbol zelaitan ez dago hemen beste kirolari, zale eta bazkide; aretxabaletarren %10 UDAko bazkide dira".

Azken bi urteetan ezin izan da kirolik behar bezala egin, baina hasi dira martxa berreskuratzen: "Bagoaz aurrera, eta, gure ustearen kontra, inoiz baino kirolari gehiago ditugu". Ekonomiari eusteko ere lan asko egin behar dela dio: "Babesleen gertuan egon behar da, bazkideen inplikazioa lortu... Eta gero eta zailagoa da". Etorkizunera begira jarrita, kirola eta osasuna bat eginda ikusten ditu: "Benetan garrantzitsua da kirola, derrigorrezkoa; izan ere, kirola osasuna da, eta poztasuna".

75 urte betetzeak ibilbide luzea dagoela atzean esan gura du, eta horrek harrotzen du: "75 urte samur esaten da, baina erronka handia da. Eta urteetan egindako lanari jarraipena emateko gai izan gara". Horregatik antolatu dute ospakizunez betetako urtea: "Taldetxo bat osatu dugu antolaketa lanetarako, eta gustura gabiltza. Ekintza mordoa ditugu oraindik egiteko; izan ere, herriak halako elkartea izatea ospatzeko eta ozen esateko kontua da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak