Hogei lagunen eskuetatik pasatuko da lekukoa

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 31a, 15:04

Aretxabaletako Korrika batzordeko kideak, bilera batean.

Eguerdian, 13:36 eta 13:48an bitartean, pasatuko da korrika Aretxabaletatik; horren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina eguraldiaren erruz moldaketak izan ditu egitarauak: kontzertuak mojetan izango dira eta korrika txikia atzeratu egin da martitzenera.

Atzo abiatu zen 22. Korrikaren lekukoa Amurriotik, eta gaur, apirilak 1, iritsiko da Debagoienera. Aretxabaletan 13:36an sartuko da, Arrasatetik bueltan, eta, herria zeharkatu ondoren, 13:48 inguruan Eskoriatzarantz joango da.

Herriko bi kilometroak –249 eta 250– hogei zatitan banatu dituzte eta herriko hogei elkarte, erakunde eta ikastetxeren ordezkariek eroango dute lekukoa; hona hemen horiek: Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea; herriko elkarte gastronomikoak; Aretxarte; Arteman; Kuartela elkartea; EH  Bildu; Garabide; Aretxabaletako Udala; Kurtzebarri eskola; Kurtzebarri BHI; Aratz; Loramendi; Arizmendi ikastola; Pausoka; Goiena; Emakumeak; UDA; Copreci; Mondragon Assembly eta Aretxabaleta Lanbide Eskola.

Kontzertuak, komentuan

Korrikaren bueltan beste hainbat ekintza antolatu ditu Aretxabaletako batzordeak. Eguraldiaren eraginez moldaketak egin behar izan badituzte ere, ekintzok egin egingo direla iragarri dute. Behin lekukoa pasatuta, 17:00etan, umeek jolasak eta tailerrak izango dituzte udaletxe zaharrean. Eta Auzoko taldeko kideek egindako txokolatea ere bertan banatuko diete.

Oihu taldearen kontzertua mojen komentuan izango da, 18:00etan. Horiek bukatutakoan, Upeide taldearen txanda etorriko da; komentutik abiatuta kalejira musikatua egingo dute. Beste bi talderen emanaldiak ere izango dira, 21:30ean, Mondragon Unibertsitateak Huhezinema jaialdiaren baitan antolatutakoak: Rukulak Herriko Plazan joko du eta Balarrasak komentuan.

Datorren eguenean, hilaren 7an, izango da azken ekintza: 22. Korrikaren bueltako Uhinak dokumentala emango dute Arkupen (18:30).

Korrika Txikia, martitzenean

Gaur goizean egitekoa zen Korrika Txikia, ostera, atzeratu egin dute ikastetxetako ordezkariek. Datorren martitzenean, apirilaren 5ean, izango da,
10:30ean hasita. Pausoka haur
eskolako umeek, Kurtzebarri eskolakoek eta Arizmendi ikastolakoek hartuko dute parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak