Bakardadearen hormak eraisten hasteko gertu

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 11a, 14:27

Basotxo erretiratuen elkarteko parte den Aretxabaletako Lagunkoia taldeak adineko pertsonen bakardadearen gaineko hausnarketa egin du azken hilabeteotan; horri aurre egiteko Udalari laguntza eskatu dio eta elkarrekin hainbat ekintza sustatuko dituzte.

Adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko hainbat ekimen jarriko dituzte abian Udalak eta Aretxabaleta Lagunkoiak elkarlanean. Horien helburua izango da egoera horiek saihestea, batetik, eta herritarrak sentsibilizatzea, bestetik.

Pandemiak areagotu

Dagoeneko hamar urte bete dituen eta Basotxoko hainbat erretiratuk osatuta dagoen Aretxabaleta Lagunkoiak bakardadea izan du hausnarketarako gai azken hilabeteotan. Taldean egindako ekarpenak eta proposamenak Udalera bideratu dituzte eta lan hori interes handiarekin jaso dute han. "Udalaren helburua da adinekoen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea. Aurreko agintaldian, bakarrik bizi diren aretxabaletarren diagnostikoa egin genuen, haien egoera ezagutzeko eta premien araberako erantzuna emateko. Ildo horretan ari dira lanean Udaleko Gizarte Zerbitzuak, eta, horregatik, interes handiz hartu dugu txostena", adierazi du Karmele Uribarri Gizartegintza Saileko zinegotziak, eta gaineratu du konfinamenduak bakardade egoerak areagotu egin dituela.

Aretxabaleta Lagunkoia taldeko ordezkari Juan Tomas Zabalak eta Pedro Etxebarriak berretsi egin dute azken hori: "Distantzia soziala gordetzera bultzatu gaituzten zentzugabekeriak, familiarekin benetako harremanik ez izateak, kutsatzeko eta besteak kutsatzeko beldurrak, eta heriotzaren beldurrak isolamendura jotzea eragin dute, bakardadearen ernamuina".

Eta datu batzuk eman gura izan dituzte: "65 urtetik gorakoen erdiak baino gehiagok egoera hori igaro dute edo igarotzen dira. Aretxabaletan 65 urtetik gorako 1.500 pertsona baino gehiago bagara, 750 pertsona baino gehiago izan dira edo dira bakardadea pairatu dutenak. Beraz, arazo garrantzitsu baten aurrean gaude".

Sozializazioa erraztu

Erakundeen inplikazioa eskatu dute Aretxabaleta Lagunkoiako kideek eta Udalak eragileen arteko lankidetza sare bat sortzea
defendatu du; hala adierazi du
Uribarrik: "Sozializazioa eta zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko jarduerak abian jarriko dira, eta baita herritarrak sentsibilizatzeko ere, bakardadea eta isolamendu soziala denoi dagokigun arazoa delako". Bat etorri dira Zabala eta Etxebarria: "Guztion artean ahalegin indibidual eta kolektiboa egin behar dugu bakardadea jasaten dutenen sozializazioa errazteko, banaka edo taldeka". Eta prebentzioa lantzeaz gain gizarte harremanak eta parte-hartze aukerak sustatzea proposatu dute.

Ekintzak

Hitzaldi batekin emango diote hasiera ekintzei. Adineko pertsonen arretan aditua den Javier Yanguasek ¿Qué nos ha enseñado el Covid sobre la soledad? solasaldia eskainiko du eguaztenean, hilaren 16an, Arkupen (18:30). 

Bestetik, jarduera fisikoa sustatzea helburu duen Aretxabaleta Mugi ekimenarekin lanean dihardute ibilaldi programa bat osatzeko eta horren bidez ariketa fisikoa eta osasungarria sustatu. Maiatzean, ostera, Aretxabaleta Lanbide Eskolaren eskutik, belaunaldien arteko jarduera bat antolatuko da orgak dituzten bizikletekin. Erorikoak prebenitzeko tailerrarekin berrekiteko asmoa ere badute, pandemiarekin eten behar izan zena. Horrez gain, memoria tailerra eta Basotxon abian jarriko diren jarduerak –kantu eta dantza saioak, elkarrizketa mahaiak, mahai-jokoak…– ere kontuan hartuko dituzte.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak