Andoni Urzelai: "Fabula hiperboliko bat da; fantasia zoro bat"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko mar. 15a, 12:33

Idazle aretxabaletarrak Elkar argitaletxearekin argitaratu duen Ametsen trafikatzailea eleberria aurkeztu zuen egubakoitzean Donostiako udal liburutegian; Urzelairen bosgarren liburua da. Goiena Telebistako Hemen Debagoiena saioan izan zen bezperan.

Bi urteko lanaren ostean, helduentzako Ametsen trafikatzailea argitaratu du Urzelaik.

Zure bosgarrena da; pozik?

Liburu bat argitaratzea beti da pozgarria; azken finean, publikoak irakurri dezan idazten du batek. Berez, ez du aurrez idatzi ditudan nobelekin zerikusi handirik, baina imajinatzen dut autore baten lanetan badaudela gai edo kontzeptu errepikakor batzuk. Orain dela hamar urte publikatu nuen Demencia artefaktuarekin, akaso, badauka lotura apur bat.

Zeri buruzkoa?

Premisa sinplea da: hilezkortasuna amets duen Andoni Etxanoz psikiatra makur eta handinahi batek ametsak errealak balira bezala gogoratzen laguntzen duen droga bat sortu du. Noski, gizartean inpaktu itzela du horrek, herritarrek bezperan amestutakoa berregiten ematen baitute biharamuna. Gertakari horren harira doa eraikitzen trama osoa. Edozelan ere, nobela honetan gauzak ez dira ematen dutena, delirioaren azpimunduan gertatzen baita guztia.

Andoni Urzelai: "Nobela honetan gauzak ez dira ematen dutena, delirioaren azpimunduan gertatzen baita guztia"

Zelakoa da Etxanoz eta zein beste pertsonaia ditu alboan?
Egokitu zaion patu ziztrinaren aurka borrokan ari den gizon anker eta moralik gabekoa da. Loria eta entzutea lortzea du amets, eta edozelako bitartekoak erabiliko ditu bere helburuak lortzeko. Bidaideak behar ditu bere asmoak gauzatzeko, jakina, eta horretarako erakarriko du bere aldamenera txoropito tropa heterogeneoa: Mafalda izeneko andrazko bat, Kanika dei- tzen dioten gizon endredatu bat eta narrazioan sartu-irtenean dabiltzan beste hainbat pertsonaia xelebre.

Nola dago liburua banatuta?

Hiru zati nagusi ditu, eta bakoitza kapitulu laburretan egituratua dago. Nobela, bere horretan, fabula hiperboliko bat da, fantasia zoro bat, eta iruditu zitzaidan egitura hori oso ondo zetorkiola kontakizunari, marko egokia jartzen baitio narrazioari. Istorioak sinesgarritasuna edukitzea zen nire kezkarik handiena; izan ere, kontatzen dena oso muturrekoa da. Beraz, edo sartzen zara istorioan edo irakurtzen ari zarena kirtenkeria bat iruditzen zaizu. Hori, behintzat, lortu dudala uste dut.

Andoni Urzelai aretxabaletarrak argitaratu berri duen helduentzako eleberriaren azala.

2019an Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat jaso zenuen eleberria idazteko. Zelakoa izan da idazte prozesua?

Nahiko modu konbultsiboan idazten dut; idazten ari naizenean, une oro nobela buruan daukat. Urte eta erdi eman nuen nobela idazten, eguneroko lan bezala, laneko parentesiak baliatzen baititut idazteko. Ezingo nuke beste ezertan nabilela ezer idatzi. Alde horretatik, beka, diruz eskasa izan arren, sekulako laguntza da, denbora osoz idazten jarduteko aukera ematen dizulako. Pena da beka gutxi eta diruz pobreak direla, 7.500 euro ematen dizute-eta nobela idazteko; baina zerbait da, sikiera, eta urte bat idazten emateko bultzadatxoa ematen dizu, gutxienez.

Liburua idatzi eta argitaratu bitar- tean bi urte pasa dira. Zailtasunak izan dituzu argitaratzeko orduan?

Tamalez –lan gorrotagarria delako diot–, idazle baten benetako lana liburua amaitu eta gero hasten da. Sortzaile ugari gaude eta ez dago merkaturik horren- beste idazlerentzako. Ondorioz, argitaletxe batean lekua egitea zaila da izen eta itzalik ez daukagun idazleontzat. Eta behin argitaletxe bati zure lana interesatzen zaionean ere, prozesua motela da, aurrerapen askorekin edukitzen dituztelako argitalpenak programatuta.

Pandemiak literatura arloan eraginik izan duela sumatzen duzu?

Ez dut uste pandemiak askorik eragin dionik, eta, sorkuntzari dagokionez, izatekotan, alderantziz: idazle askok idazteko baliatu baitute egoera sanitarioa eta konfinamendua. Liburu eder asko argitaratu ziren iazko urte amaieran. Beste kontu bat da nola eragin duen COVIDak gu guztion psikean, inpresioa baitaukat denok ere goibelduago atera garela egoeratik. Eta horrek, literaturan barik, irakurleongan du eragina, kultura kontsumitzen dugunongan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak