Martxoaren 8an kalera irteteko dei egin dute feministek eta Udalak

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 4a, 18:50

Berdintasunaren aldeko borroka ikustarazteko eta, era berean, emakumeen eskubideak aldarrikatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Udalak, Atxabaltako Mugimendu Feministaren laguntzarekin. Eguneko ekintza nagusia manifestazioa izango da; 18:00etan, adinekoen egoitzara joango dira hango langileei babesa erakustera, eta 18:30ean abiatuko da, plazatik. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi izango dira hilabete guztian.

Udaleko bi alderdiak eta Erdu talde feminista ordezkatuta dauden Berdintasun batzordeak adierazpen instituzional bateratua adostu du Martxoaren 8aren harira, eta herrian berdintasun-politikak ezartzeko baliabide ekonomiko, pertsonal eta teknikoak indartzeko konpromisoa hartu du; baita Udaleko barne eta kanpoko protokoloak berritzeko konpromisoa ere, indarkeria matxista guztietako biktimei ematen zaien arreta hobetzeko. Horrez gain, herritarren sentsibilizazioan sakontzeko nahia agertu du, eta berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko neurrien garapen integralarekin jarraituko duela eman du aditzera.

Zaintza erdigunean

Atxabaltako Mugimendu Feministak, berriz, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra! hartu du lelo egun horretarako, eta zaintzan jarri du arreta. GSR egoitzako langileei elkartasuna adierazi, eta ondorengo manifestazioan etxe barruko zaintzak utziko dituzte agerian; umeena eta adinekoena, besteak beste. Egunotan, gainera, horri keinu eginaz murala margotuko dute Errekabarren kalean –Caixa alboan–. Izaro Sanchez artistarekin batera Kuku Mikuko kideek eta beste hainbat gurasok hartuko dute parte baina herritarrak ere gonbidatu gura dituzte; horretarako gerturatu daitezela domekan edo astelehenean, 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Pikarraituz neska gazteen taldeak, ostera, ikastetxeetan egingo du lanketa martitzen goizean, eta 12:00etarako elkarretaratzea deitu du, Herriko Plazan.

Hilabete osoko egitaraua

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltako egitaraua hilabete osora zabalduko dute Arkupen, eta erakusketa aretoan, esaterako, atzotik dago Matilde Sainz, Arantza Baskaran eta Amaia Aranzabal margolari arrasatearren erakusketa. Antzezlana izango da domekan (19:00), Kamikaze Kolektiboak eta Ttak Teatroak eskainitako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. Hilaren 10ean, ostera, Setem Hego Haizea GKEk egindako ikerketa batean oinarrituta dagoen Fabricando mujeres 2.0 dokumentala emango dute (19:00), eta solasaldia izango da gero.

Martxoaren 29an, bestetik, Berdintasun Sailak eta Erdu talde feministak abian jarritako Aretxabaletako genealogia feminista lehiaketaren bueltan Maite Triviño aretxabaletarrak egindako lana aurkeztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak