Soldadura eta galdaragintzaren esparruko profesionalak aurkitzeko zailtasunak dituztela azaldu dute Fagor eta Ulma enpresek, eta, pandemiaren eraginak gainditu eta "argi izpiak" ikusten hasi diren honetan, langile kualifikatuak lortzeko bidea indartu nahi izan dute Aretxabaletako Lanbide Eskolarekin (ALE). Enpresen eta eskolaren arteko harremana ez da berria, baina eguaztenean sinatutako hitzarmenarekin pauso bat gehiago eman nahi izan dute elkarlanean.
ALEk erdi eta goi mailako bi ziklo ditu alor horietara bideratuta: Soldadura Zikloa eta Galdaragintza eta Eraikuntza Metalikoen Zikloa. Bertako zuzendari Joseba Beristainek azaldu duenez, "erronka handiak" datoz bailarako lan mundura, eta, horiei erantzuteko, batera jardutea "ezinbestekotzat" jo du. Hala, hitzarmen berria "erreminta garrantzitsua" dela esan du: "Lanpostu batzuk desagertu eta berriak sortuko dira. Horrenbestez, langile-profil berriak beharko dira, langile kualifikatuak, eta, horretarako, eskutik joan beharko dugu enpresek eta formakuntza zentroek". Horrez gain, azaldu du garrantzitsua dela "ikuspegia zabaltzea" eta gizartean egon daitezkeen uste okerrak gainditzea: "Galdaragintzan eta soldaduran lan egiteko moduak asko aldatu dira; ez dute zerikusirik duela urte batzuetako jardunekin. Lan baldintzak ere asko aldatu dira".
Lan eskaintzak, gora
Joseba Beristainez gain, Mertxe Ibabe Ulma Manutentzio Zerbitzuetako pertsonal arloko kidea eta Gemma Mancebo Fagor Industrialeko pertsonal ardurduna ere izan ziren hitzarmena aurkezteko agerraldian. Ibaberen ustez, hitzarmen berriak orain arte izan duten harremana "sendotzea" eragingo du, eta denentzako onuragarria izango delakoan dago. "Galdaragintza eta soldaduraren alorretan matrikulazioek behera egiten dutela ikusten ari gara, eta guretzat oso interesgarria da jendea ziklo horiek ikastera animatzea, lan asko baitugu", azaldu du. Ulmaren baitako bederatzi enpresetatik lautan langile premia dutela dio pertsonal arloko kideak: "Eskaintza eta eskaria ez datoz bat. Eskaria handiagoa da".
Ildo beretik jardun du Gema Mancebo Fagor Industrialeko pertsonal arduradunak ere: "Guretzat garrantzitsua da hezkuntza zentroetatik gertu egotea, formakuntza jaso duten langileak gurera etor daitezen". Bestetik, azaldu du hitzarmenaren ardatz diren ikasketa horiei "ikusgarritasuna" emateko beharra dagoela: "Gizartean ez daude begi onez ikusita, baina aukera ona da gazteentzat. Lanpostu politak dira, artisau lanak, eta orain lan asko dago hor".
Hitzarmenean jasotakoak
Aretxabaletako Lanbide Eskolak, Fagorrek eta Ulmak aurrez zituzten hitzarmenak berrikusi eta "aliantzak indartu" dituztela azaldu dute. Aste honetan sinatu berri duten dokumentuan, hainbat konpromiso hartu ditu eragile bakoitzak.
ALEk formakuntza mota desberdinak aztertzeko konpromisoa hartu du, eta baita eskaintzen dituen zikloetako edukiak errebisatzekoa ere, "jakintzak egungo beharretara egokitzeko".
Fagorrek eta Ulmak, bestalde, ALEko ikasleen praktikaldiak bermatuko dituztela adierazi dute, eta horrela badagokio, horien kontratazioa ahalbidetuko dutela. Horrez gain, enpresek langileen birkualifikazioari ere erreparatu diote. Dokumentuan jaso dutenez, formazio beharra duten langileak Soldadura eta Galdaragintza eta Eraikuntza Mekanikoen Zikloak ikastera bideratuko dituzte, Aretxabaletako eskolara.
Bukatzeko, eta aurrekoari lotuta, bai ALEk eta bai Ulma eta Fagorrek "erraztasunak" emango dituztela adierazi dute, lana eta ikasketak bateratu nahi dituztenentzat.