HEMEN DEBAGOIENA

Aratuste giroa zabaltzen hasi da Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2022ko ots. 15a, 17:03

Iazko etenaldiaren ostean badatoz Aratusteak. Egitarau dotorea gertatu dute eta horren berri emango du Txapel Txinek zapatuan.

Udala, Karnabalen Lagunak zein Txapel Txin "pozik" agertu dira Aratusteak ospatu ahal izango direlako. "Duela aste pare bat Aretxabaletak Aratusteak izango zituela iragarri genuen, baina osasun egoerara egokitutako programa batekin. Egoera aldatu egin da azken egunotan, osasun larrialdia eta indarrean dauden neurri nagusiak indargabetu dira, eta beste udalerri batzuk ere Inauteriak iragartzen hasi direla ikusi dugu", adierazi du Unai Elkoro alkateak, horren berri emateko prentsaurrekoan. Bi urte "gogorren" ondoren alaitasunari lekua egiteko unea dela uste du, gainera. Hala ere, "prebentzioari eusteko eta zuhurtasunez jokatzeko" eskatu die herritarrei: "Ezin dugulako ahaztu pandemiak gure artean jarraitzen duela". Hala, egitaraua moldatu egin dute baina urteroko ekitaldi gehienei eutsita.

Ibai Zangituk, Karnabalen Lagunak taldeko kideak, ildo beretik egin du berba: "Inauteriak iristeko gogoz gaude, horrela gure kaleak kolorez eta iribarrez beteta ikusteko". Desfilean parte hartzera gonbidatu zituen herritarrak: "Egun batez lotsak alde batera utziz, irudimenari ateak irekiz eta kaleak hartuz, Aratusteak herriak egiten baititu".

Musika eskolakoen ikuskizuna

Azken urteetan legez, Egubakoitz Argala girotuko du Leizarra musika eskolak. Pirata mozorroak jantzita, musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute Herriko plazatik Durana kalearen amaieraraino. Ondoren, 18:00etan hasiko da ikuskizuna Ibarra kiroldegian. Bederatzi taldetan banatuta, 85 dantzarik parte hartuko dute, txistulari, trikitilari eta gaiteroen laguntzarekin. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa eta Nafarroako dantza ezberdinak dantzatuko dituzte; talde bakoitzak banaka pieza bat taularatuko du eta, bukaeran, guztiek batera hiru dantza eskainiko dituzte.

Desfilea Aratuste-domekan

Aratuste-domekan mozorrotutako kuadrillak izan ohi dira protagonista eta aurten ere hala izango da. Herri bazkaririk ez da egongo, baina desfilea bai.

Bixi proiektuak ere izango du lekua otsailaren 27an.  Aisialdiaz modu dibertigarri eta osasungarrian gozatzeko jarduerak eskaintzen ditu eta oraingoan,  zezen mekanikoa, bubble balls lehiaketa eta quads zirkuitua izango dituzte Kurtzebarriko kantxan 12 urtetik gorako nerabeek.

Aratuste-irudia Oier Zuñigarena

Zortzi lan aurkeztu dira Udalak antolatu duen Aratusteen irudia aukeratzeko kartel lehiaketara. Eta Iruñeko Oier Zuñiga Perez de Urabainen lana aukeratu du epaimahaiak; 250 euroko saria jaso du hark.

Egitaraua

Otsailak 19, Txapel Txin eguna

  • 12:00: Haur eta famiiliendako erraldoi eta gaiterokin kalejira.
  • 13:00: Txapel Txinekin kalejira.
  • 18:30: Txapel Txinekin Aratuste pregoia, eta ondoren, Orkestra Elektrotxaranga.
  • 20:30: Kontzertua, Banana Shake taldearekin, Mitarte kalean.

Otsailak 25, Egubakoitz Argal eguna

  • 18:00: Leizarra musika eskolak antolatuta, Egubakoitz Argal jaia, Ibarra kiroldegian.

Otsailak 26, zapatua

  • 12:30: Bola-txapelketa; bolatokiaren berrinaugurazioa –izen-ematea: 5 euro–.

Otsailak 27, Aratuste-domeka

  • 10:00: Diana, txistulariekin.
  • 11:45: Aurtengo Santa Ageda neska-mutilek Txino dantza egingo dute.
  • 12:00: Kuadrillen desfilea.
  • 13:00: Gesaltza txarangarekin.
  • 17:30: BIXI gunea Kurtzebarri eskolako kantxan –12 urtetik gorakoentzat–: Zezen mekanikoak, Quads zirkuitua eta Bubble balls lehiaketa.
  • 18:00: DJ-kiaren emanaldia Herriko Plazan.
  • 18:45: Mozorro lehiaketaren sari banaketa Herriko Plazan.
  • 19:00: Santa Ageda neska-mutilen dantza saioa.

Martxoak 1, Aratuste-martitzena

  • 10:30: Txino dantza Herriko Plazan, 5 urteko ikasleen eskutik.
  • 20:00: Txin-en hileta. Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko plazaraino.
    Bertaratzen diren herritarrei lutoz jantzita joatea eta kandela eskuan eramatea gomendatzen zaie.

Aratusteak iraun bitartean balkoiak apaintzea eskatu dute antolatzaileek. Balkoi originalenak Aretxarteko dendetan gastatzeko 100 euro jasoko du –bi sari egongo dira–. Izena Arkupen eman behar da, eta balkoiak ipinita egon behar dira otsailak 25etik 27ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak