Hamahiru milioi euroko Udal aurrekontua 2022rako

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 23a, 16:00

Iazkoarekin alderatuta %4,7ko igoera izan du aurrekontuak, eta proiektu estrategikoei heltzeko asmoa dauka Udal Gobernuak; besteak beste, Santa Kurtz kaleko lanei eta adinekoendako gizarte zentroari. EH Bilduk ez du babestu aurrekontu hori.

Urtea bukatu aurretik onartu gura izan du Udal Gobernuak 2022ko aurrekontua, eta atzo, abenduak 22, iluntzean egindako ezohiko osoko bilkuran onartu zituzten. 13.139.245 euroko aurrekontua aurkeztu zuten, iazkoarekin alderatuta %4,7 handiagoa. Igoera hori Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik datorrela, batez ere, jakinarazi zuten; izan ere, iaz baino ia 700.000 euro gehiago jaso ditu Udalak.

Era berean, Ibarra kiroldegiko kreditua ordaintzen bukatu dute aurten. Eta 2021eko ekitaldian eskatutako kreditua –2,6 milioi euro ingurukoa– 2022ko aurrekontuan txertatuko dutela iragarri zuten. "Horrekin proiektu estrategikoei eta beste batzuei aurre egingo die Udalak", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu "zuhurtziaz" egindako aurrekontuak direla: "Susperraldi ekonomikoaren testuinguru baten barruan, une bakoitzean sor daitezkeen egoera eta beharrei erantzuteko".

Partidarik garrantzitsuenak

  • Santakurtz kaleko lanak: ia 1.000.000 euro
  • Adineko pertsonen gizarte zentroa, komentuan 965.000 euro
  • Lausitta auzoko lanen proiektua idaztea 150.000 euro
  • Andra Mari auzoko kantxa iragazgaitzea 500.000 euro
  • Komentua ingurunean integratzeko proiektua idaztea 54.450 euro
  • Lan txikietako urbanizazioak 100.000 euro
  • Ibarra futbol zelaiko belar artifiziala aldatzea 200.000 euro
  • Kiroldegi aurreko berdegunerako erabilera berriak aukeratzeko partaidetza prozesua: 55.000 € –25.000 euro € aurrekontutik eta 30.000 € 2022koan–
  • Arkupeko klimatizazio sistema berritzea: 85.000 euro
  • Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak: 30.000 euro
  • Nerabeen eta gazteen artean genero indarkeriaren aurka jarduteko protokolo barruko sentsibilizazio ekintzak: 5.000 euro
  • Esku-hartze sozioedukatiboko eta psikosozialeko zerbitzuaren lizitazioa –kale-hezkuntza programarekin–: 132.000 euro
  • Jaiak: 60.000 eurotik (2021) 190.000 eurora igo (2022)
  • Arkupeko kultur programazioa: 68.000 eurotik (2021) 80.000 eurora igo (2022)
  • Kale animazioa: 45.000 eurotik (2021) 60.000 eurora igo (2022)

EH Bilduren babesik ez

EH Bildu aurrekontuaren aurka bozkatu zuen: "Aldaketa bat planteatu genuen; bai udal barruan talde politikoen artean parte hartzeko moduan eta bai herritarrekin batera, kulturaren arlorako planteamendu berritzaile batean, adibidez. Haien aurrekontuei gure babesa eskaini genien baina, parte-hartzea eta lankidetza alde batera utzi dituzte", adierazi zuen Ion Albizu bozeramaileak, eta gaineratu: "Ezin dute gure babesik izan klima-aldaketaren alde inolako ahalegin ekonomikorik egiten ez bada, elizateetan hobekuntza esanguratsuak egitea alboratzen bada edo haur guztiek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko aukera berberak izateko beka bat ukatzen bada".

EH Bilduren emendakin batzuk, ostera, onartu zituzten, besteak beste, kuartelaren gaineko ikerketa egitea, kultura produkziorako 6.000 euro gehiago jartzea eta Basabeazpi aurrealdean estalkia jartzeko proiektua egiteko dirua bideratzea.

"Kanpaina egiten"

Alkateak erantzun zuen "kanpaina eta politika" egiteko erabili dituela aurrekontuak EH Bilduk: "Bestela, ez dago ulertzerik hamahiru milioi euroko aurrekontu batean 100.000 euroren bueltako emendakinak egitea; huskeria. Eta, gainera, erdia onartzeko gertu egonda gu". Gaineratu zuen Gobernu batzordean oposizioaren parte hartzea zabalik utzi zutela bere garaian, eta orain ere hala dagoela.  Kultura arloari dagokionez, ostera, haren jardunarekin ez duela inork kexarik azaldu esan zuen, egoerak utzi duen heinean ekintzak antolatu dituztela eta herriko hainbat talderekin dihardutela elkarlanean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak