Pandemia hasi baino lehen amaitu zituzten Respect film laburrerako grabaketak. Bertan Aratz elkarteko eta Atzegiko etxean bizi diren hemezortzi bat aktorek hartu dute parte, Xabi Antxiaren zuzendaritzapean egindako ikus-entzunezkoan, eta azkenean gaur izan da egun handia, gaur erakutsi ahal izan dutelako publiko aurrean.
Azkenean, estreinatu dute
Bi emanaldi egin dituzte; lehenengoan, protagonistak eta horien familia artekoak izan dira ikus-entzule; eta bigarrena, herritarrei irekitakoa izan da.
Aktoreak pozarren irten dira lehen emanaldiaren ostean, izan ere, duela denbora dezente grabatutako film laburraren emaitza, azkenean pantaila handian ikusteko aukera izan dute.
Lehen emanaldi horren ostean, oparitxo bana jaso dute gainera, oholtzara igota. Eta Aratz elkarteko Jokin Antxiari omenaldi xume bat ere egin diote Aratz elkartetik. Izan ere, adierazi dute Antxia dela Debagoieneko ordezkaria Donostian, eta "sekulako lana" egiten duela elkartearendako eta hemendik aurrera ere ziur daudela horrela lan egiten jarraituko duela. Beragatik ez balitz, film laburra ez zela egingo ere esan diote elkarteko ordezkariek Antxiari. Eta opari eman diote, Lekaixoka bertso eskolakoek Antxiari eskainitako bertso batzuk, koadro batean. Antxiak oso eskertuta jaso du omenaldia eta esan du koadro horretako bertsoak ondo irakurriko dituela etxean, eta leku polit batean jarriko duela gero.
Herritar dezente izan dira ikus-entzunezkoaren bi emanaldietan, eta txalo zaparrada batez zoriondu dute protagonistek egindako lana.