Pertsonen arteko errespetua gai hartuta film laburra egin dute Aratz elkarteko eta Atzegiko hainbat lagunek. "Bullying-a, sexu-indarkeria… Orokorrean, indarkeria bera hartu da gai. Herrian giro jasanezina dago eta horri buelta ematen ahaleginduko da taldetxo bat. Hori da oinarria, eta umore ukituarekin landuta dago. Bukaeran, indarkeria mota guztien aurkako mezua zabalduko da", azaldu du Aratzeko kide Jokin Antxiak, eta gaineratu: "Ez da berbarik egiten, mutua da, baina samur ulertzeko modukoa".
Xabi Antxia zuzendari
Hamazortzi lagun inguruk jardun dute aktore lanetan Xabi Antxia zuzendariaren esanetara, eta alboan izan du Jokin Antxia: "Youtuber jardundakoa, artista handia da. Gogoz hartu zuen proiektua eta lan handia egin du". 2019ko azarotik 2020ko otsailera bitartean grabatu zuten filma, zazpi bat saiotan: "Pandemia aurretik bukatu genuen, zorionez, eta muntatze lanak egin ziren gero. Gure asmoa zen iazko maiatzean estreinatzea, eta pentsa noiz datorren!". Aretxabaletako toki esanguratsuetan egin dituzte grabaketak: Urkulu, komentuko lorategia, pilotalekua, kiroldegia… "Toki ezagunetara eta interesa dutenetara jo gura izan dugu", azaldu du Antxiak.
Aktoreen naturaltasuna
Iurgi Etxebarriarekin antzerki ikastaroa egin zuten 2019an Aratzeko kide askok, eta orduan jasotakoa antzeman egin da orain: "Uste izaten da eszena bakoitza behin eta berriz errepikatu beharra egongo dela, baina gero, harritu egiten gaituzte eta lehenengoan ederto egin. Zerbait badute naturaltasuna da, eta horri esker gutxitan errepikatu behar izan ditugu".
Herritarrak gonbidatuta
Film laburra datorren egubakoitzean, hilaren 17an, estreinatuko dute Arkupen, eta bi emanaldi egingo dituzte, 18:30ean eta 19:30ean –debalde biak–. "Lehenengoa Aratzeko kideok beteko dugu, seguru asko, baina bigarrenean lekua egongo da, eta gonbidatuta daude herritarrak. Arrakasta duela ikusiz gero, beste emanaldi batzuk ere antolatuko ditugu".