Aurrekontuaren igoera hori Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik dator batez ere, 5.400.000 euro jasoko dituelako hortik –aurten baino 631.500 euro gehiago–. Inbertsioetara 3.446.000 euro bideratuko dituzte "egitasmo estrategikoekin jarraitzeko", baita herritarren "ongizatea bermatzeko" ere. Hala adierazi dute Udal gobernu taldeko kideek eta asmoa da abenduaren 21ean onartzea 2022ko Udal aurrekontua.
Unai Elkoro alkateak azaldu du 2021ekoen jarraipena izango direla: "Hainbat proiektuk izango dute jarraipena, administrazio arazoek atzeratu egin dituztelako". Era berean, pozik agertu da inbertsiotara bideratutako diruarekin, ia hiru milioi eta erdi, eta gaineratu du 2021ean kontratatutako 2,7 milioi euroko kreditua ere ez dutela erabili: "Bost milioi euro pasatxoko inbertsio maila geratuko da; daukagun aurrekonturako kopuru garrantzitsua da". Gainera, kiroldegiko zorra ordaintzen bukatuko dute abenduan, eta 2022a zor barik hasi.
Santakurtzeko lanak urtarrilean
Hirigintza Sailak jasoko ditu inbertsiorik garrantzitsuenak eta horien artean daude Santakurtz kaleko saneamendu eta hornidura lanak: "Lanen zuzendaritza zein lanak esleitu dira eta urtarrilean hasiko dituzte. Urte anitzeko inbertsioa da eta 2022rako milioi bat euro gorde dira", azaldu du Hirigintza zinegotzi den Xabi Otxoak. Horrez gain beste lan batzuk ere aurreikusi dituzte: Lausitta auzoko saneamendu lanen proiektua idaztea (150.000 euro); komentu inguruko txukuntze lanen proiektua idaztea (50.000 euro); obra txikietako urbanizazioak (100.000 euro); eta Andra Mari auzoko kantxa iragazgaiztea eta berritzea (500.000 euro).
Kirol sailak ere inbertsio garrantzitsua izango du; izan ere, Ibarrako futbol zelaiko belar artifiziala aldatzeko 200.000 euro bideratuko dituzte. Kiroldegi aurreko berdegunerako erabilera aukeratzeko partaidetza prozesua jarri gura dute abian urtarrilean (55.000 euro), eta adinekoek ariketa fisikoa egiteko gunea egiteko asmoa ere badute (20.000 euro).
Kulturaren kasuan Arkupeko klimatizazio sistema berrituko dute (90.000 euro). Horrez gain, jaietako partida indartuko dute (60.000 eurotik 190.000 eurora igota), Arkupeko kultur programazioarena ere bai (68.000tik 80.000 eurora) eta kaleko animazioarena (45.000tik 60.000 eurora). Bestetik, euskara sustatzeko proiektuarekin jarraitu gura dute: "Gazteen artean euskara sustatu gura dugu kirolaren bitartez", azaldu du Euskara zinegotzi den Koldo Zubillagak.
Gizarte Zerbitzuak "gora"
Gizarte Zerbitzuen sailak, ostera, 869.441 euroko aurrekontua izango du. "2016tik, Udal gobernuan gaudenetik, Gizarte Zerbitzuen aurrekontuak ia %40ko igoera izan du. Politikaren erdigunean pertsona egotea da gure helburua, eta bereziki hauskorrak direnen beharrei erantzuten joan gara", azaldu du Gizartegintzako zinegotzi Karmele Uribarrik. Programa sozialak mantendu egingo dituztela iragarri du eta behar izanez gero handitu, esaterako gizarte larrialdietarako laguntzak (70.000 euro) eta etxez etxeko laguntza zerbitzua. Gainera, esku-hartze sozioedukatiboko eta psikosozialeko zerbitzua lizitatuko da, kaleko hezkuntzako programarekin indartuta (132.000 euro). Inbertsioen atalean, adinekoen gizarte zentrorako 965.000 euro bideratu dituzte.