Aretxabaleta Abesbatza, kantuan hasteko ezin gogotsuago

Mirari Altube Arrese 2021ko aza. 20a, 10:10

Iazko martxoa ezkero ez dute jendaurrean abestu, eta domekan, Santa Zezilia bezpera, meza nagusian egingo dute kantuan. Gabonei begira bi emanaldi gertatzen dihardute: bata bakarlariek egingo dute eta bestea, urteroko kontzertua.

2020ko martxo hasieran erabaki zuen Aretxabaleta Abesbatzak isiltzea, eta, ordutik, apenas egin dute entsegurik, aurtengo urrira arte. Pozik elkartu da berriro taldea, eta jendaurrean abesteko gogoz dago. Domeka honetako meza nagusian (12:30) Santa Zeziliaren omenez egingo dute kantuan.

Neurriak beteta

"40 urteren ondoren bat-batean isildu behar izana ez da gustukoa izan; eta, gainera, ia bi urte eman behar horrela. Hortaz, pozik elkartu gara berriro", adierazi du Javier Marcos presidenteak, eta gaineratu: "Herritarrek ere esan digute faltan igarri gaituztela elizkizunetan zein bestelako ekitaldi batzuetan". Orain, itzultzeko erabakia hartu dute eta lanean ere hasita daude, nahiz eta jakin ez noiz arte izango den: "Ikusi egin behar zer datorren". Abesbatzan bertan ere izan dituzte COVID-19 kasu batzuk, eta, horregatik, osasun neurriak zorrotz betetzearen alde egin dute: "Larri ere egon dira kide batzuk. Entseguekin hastean taldearen osasuna lehenetsi dugu eta arauak zaintzen ahalegin handia egiten gabiltza; maskararekin abesten dugu, distantziak zainduta, eta txertoa hartutakoak elkartzen gara".

Gabonetako kontzertua

Santa Zeziliari kantuan eginda bueltatuko dira jendaurrera domeka honetan. "Ea mezak abestera itzultzen garen hemendik aurrera. Oraingoz, zaindariaren eguna ospatuko dugu", dio Angel Barandiaran zuzendariak.

Aurrera begira, Gabonak dituzte begiz jota, eta bi emanaldi gertatzen hasita daude. Abenduaren 19an, domeka, bakarlarien kontzertua izango da: "Musika eskolan ikaste dihardutenek eta abesbatzako bakarlariek elkarrekin emango dute". Eta abenduaren 26an, Gabonetako kontzertua eskainiko du Aretxabaleta Abesbatzak, urte askoan egin izan duen legez: "Betiko abestiak izango dira; euskaldunak, amerikarrak eta euskaraz abestutako alemaniarren bat ere badago. Musika eskolako umeen abesbatzak ere hartuko du parte, kantu batzuk bakarrik eta beste batzuk elkarrekin eskainiko ditugu". Aretxabaleta Abesbatzaren parte izandako hainbat kide ere gogoan izan gura dituzte kontzertu horretan: "Isilik egon garen denboran hainbat hil dira, baita senitarteko batzuk ere eta horiek omenduko ditugu".

Horrez gain, pandemia sasoian hildako herritarrak eta kaltetuak ere izan gura dituzte gogoan: "Zelanbait, omendu gurako genituzke. Horretarako meza handi bat edo kontzertu bat abesteko gertu gaude; ikusiko dugu".

40. urteurrena

Iaz, 40 urte bete zituen Abesbatzak eta urte hasieran hori ospatzekoak baziren ere bertan behera utzi beharrean izan ziren. "2020an ginen ospatzekoak, baina ezin izan zen. Ez dakit zentzu handirik duen orain 42.a ospatzeak, hura pasatuta dago eta. Beharbada, itxarongo dugu 45.era edo 50.era, eta hori gogotsu ospatu. Oraingoz, behintzat, ez diegu halako kontuei helduko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak