Datorren astean jarriko dute abian Hiri Antolamenduko Plan Orokorra definitzeko prozesua. Lehenengo faseari ekingo diote eta udalerriaren egungo egoeraren diagnostikoa egingo dute. Nahi dugun Atxabalta da prozesuari jarri dioten izena eta hor landuko dituzten gaien artean daude etxebizitza, espazio publiko, ekipamendu eta mugikortasun kontuak. Unai Elkoro alkateak azaroaren 15ean abiatuko den herritarren partaidetzaren lehen fasea aurkeztu zuen eguaztenean, eta agerraldian parte hartu zuten EH Bilduko bozeramaile Ion Albizuk, Ibai Larrabe udal arkitektoak, Amaia Murgiondo Partaidetza arduradunak eta Udalak prozesuaren dinamizaziorako kontratatu duen Lur Studio enpresako Jone Belaustegigoitiak.
Parte hartzearen garrantzia
Une honetan herriak ez duela hirigintza planik azaldu zuen alkateak, 2000. urtekoak diren Arau Subsidiarioak baizik: "Garrantzitsua da plan hau idaztea Aretxabaletak bere beharretara egokitutako egungo tresna bat izan dezan". Udalerriaren "garapenerako tresnarik garrantzitsuena" izanik Plan Orokorra, herritarren, gizartearen eta politikaren artean ahalik eta adostasun handienarekin onartzea gurako lukete: "Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da", eta horretara gonbidatu zituen.
Albizuk berretsi egin zuen planaren garrantzia: "Ez da edozein erronka, hurrengo urteetan herrian egingo dena eta egin ahalko dena zehaztuko baita". Eta "erabakigarria" izan beharko litzatekeela herritarren esku-hartzea zioen: "Horrez gainera, eratuko den Aholku Kontseilua ezinbesteko erreminta da gaien dimentsio guztiak kontuan hartzeko.
Bederatzi arlotan banatuta
Lanerako gaiak bederatzi arlotan banatu dituzte: ingurumena; mugikortasuna; espazio publikoa; etxebizitza; jarduera ekonomikoa; ekipamenduak; eta ondarea, jasangarritasuna eta klima aldaketa; eta inklusibotasuna eta osasuna. Horiek landuko dituzte herritarrek eta saio berezietara deitutako eragileek.
Aholku Batzorde bat ere sortuko da eta "zeregin garrantzitsua" izango du prozesu osoan. Hori osatuko dute, besteak beste, hezkuntza, industria, hirugarren adina, gazteak, kultura, kirola eta ingurumena arloetan lan egiten duten herriko talde eta elkartetako ordezkariek.
Partaidetza prozesuaren pausoak
Informazio guztia www.hapo-aretxabaleta.eus/eu webgunean jasoko da. Diagnostikoa egiteko partaidetza prozesuaren egutegia hemen:
- • Galdetegia: Azaroaren 15etik abenduaren 3ra, webgunean.
- • Hitzaldi informatiboa: Azaroaren 18an, 18:00etan, Arkupen.
- • Partaidetza saioa: Azaroaren 24an, 18:00etan, Arkupen.
- • Saio bereziak: Hainbat eragilerekin: ikastetxeak, erretiratuak, nerabeak, emakume taldeak, auzoetako alkateak…
- • Aholku Batzordea: Herriko hainbat arlotan lan egiten duten berrogei bat talde eta elkartetako ordezkariek osatuta.
Prozesu luzea
Hirigintza-estrategia zehaztuko duen plana idaztea prozesu luzea izaten da, eta bost edo sei urteko kontua Larrabe arkitektoaren esanetan. Hainbat fase izango ditu eta guztietan sustatuko da herritarren parte-hartzea. Diagnostikoa zehaztu ondoren, 2022ko otsaila eta martxoa bitartean, Aretxabaletako garapenerako herritarren proposamenak eta alternatibak jasoko dituzte.
Nahi dugun Atxabalta leloak batuko du Plan Orokorraren prozesu guztia eta horretarako irudia ere landu dute.