Indarkeria matxistaren aurka pausoak zehazten

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 28a, 20:00

'Aretxabaletako nerabe eta gazteen artean ematen den indarkeria matxistaren aurkako protokoloa' landu du Udalak hainbat eragilerekin, Hiruki Larroxa elkarteak gidatuta, eta nerabeekin lan egiten duten taldeetako kideei aurkeztu diete.

Udaleko Berdintasun eta Gazteria sailetako ordezkariek, gaztelekuko eta UDAko begiraleek eta koordinatzaileek eta kale hezitzaileek indarkeria matxistaren gaineko lanketa egin dute lauzpabost hilabetez, Hernani aldeko Hiruki Larroxa elkarteak gidatuta. Eta egindako lan hori protokolo batean jaso dute, eskura izan dezaten nerabeekin lan egiten duten herriko talde eta elkarte guztiek. Eguaztenean, hain zuzen ere, aurkeztu zuten egindako lana, eta aurrera begirako pausoak ematen hasiko dira orain.

Hiru atal dituen lana

Hiru zatitan banatu dute protokoloa: batetik, prebentzioa eta detekzioa dago. "Helburua beti da indarkeria matxista kasuak ez gertatzea. Eta horretarako, behar-beharrezkoa izaten da aurretik lanketa ezberdinak egitea; esaterako, maskulinitate lanketa mutilen artean eta autodefentsa feminista nesken kasuan", azaldu du Hiruki Larroxako Egoitz Albeniz kideak. Bigarren atala detekzioari eskaini diote: "Nerabeen eta gazteen kasuan, batez ere, indarkeria psikologikoa izaten da. Indarkeria hori sutilagoa da eta zailtasunak izaten dira detektatu ahal izateko. Horregatik, susmo-adierazle ezberdinak zehaztu dira, hezitzaileendako jarraibide izateko". Eta hirugarrenenean jaso dute zein arreta eta jarraipen eman indarkeria matxista jasaten duen edota jasateko arriskuan dagoen nerabeari.

Sentsibilizazio mahaia

Prebentzioari eta sentsibilizazioari garrantzi handia eman diote lanketan jardundakoek, eta protokoloaren berri ematea izan da horren abiapuntua. Txosten osoa Udalaren webgunean jasoko dute eta horren laburpena –150 eskuorri–, nerabeekin lan egiten duten elkarteen artean banatu. Era berean, Sentsibilizazio eta Prebentzio Mahaia sortu dute. "Adierazle batzuk jarriko dira jarraipena egiteko. Baina oraindik ez dugu bilerarik egin, eta joango gara zehazten", dio UDAko koordinatzaile Ainara Mugak. Mahai eta dinamika horretara herriko beste eragile batzuk ere gonbidatu dituzte; ikastetxeak eta guraso elkarteak, esaterako.

Protokoloa landu dutenen iritzia

Karmele Uribarri (Gizartegintza zinegotzia)

"Gaztelekutik iritsi zitzaigun gaiaren lanketaren eskaera, jarrera matxista larriak atzeman zituztelako. Berdintasun batzordean lehentasuna eman genion gaiari eta aditu batekin formakuntza saio mardula egin dugu. Lanketa hori protokoloan jaso da, nerabeekin diharduten guztiei helarazteko gero".

Egoitz Albeniz (Hiruki Larroxa elkarteko kidea)

"Prozesurik egin gabe ezin da ulertu protokolo bat egotea, baina, gehienetan, hala eskatzen digute: produktu bat indarkeria matxistari aurre egin ahal izateko. Horretan berritzailea izan da Aretxabaleta, prozesu bat egin duelako eta pisu handia eman zaiolako hezitzaileak trebatzeri eta problematika ulertzeari".

Jone Ojea (Gaztelekuko koordinatzailea)

"Gaztelekuan piztu arren alarma, nerabeekin lan egiten duen edonoren kezka da, eta kale hezitzaileak zein UDAkoak bat etorri dira gurekin. Jendartean oso hedatuta daude jarrera matxistak, eta, horregatik, esparru askotatik eragin behar da. Lana kaxoi batean gera ez dadin jarraipena egingo diogu".

Ainara Muga (UDAko kudeatzailea)

"Oso aberatsa izan da lanketa, eta UDArendako oso probetxugarria. Orain, erronka izango da ikasitakoa aplikatzen hastea. Horretarako, sentsibilizazio eta prebentzio lantaldetxo bat sortuko da, eta dinamika honetara eragile ezberdinak batzea da kontua, herri bezala erantzuteko indarkeria egoera horiei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak