Zinemak irekiko dizkio ateak azaroko agendari

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 28a, 15:54

Zinema azaroan itzuliko da arkupeko pantaila handira, urtebete eta zortzi hilabeteko etenaldiaren ostean. Hain zuzen ere, helduei zuzendutako hiru film, haurrentzako beste hiru eta publiko orori zuzendutako hiru dokumental proiektatuko dituzte.

Helduei eta haurrei zuzendutako sei film izango dira ikusgai azaroan Arkupen. Horrekin batera, bi ikuskizunez eta hiru ikus-entzunezkoz gozatzeko aukera emango duen kultur programa aurkeztu dute asteon Aretxabaletan.

Proiektore digital berria

Ainhoa Cabero Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, Udalak proiektore digital bat erosiko du zinema-programazio jarraitua eskaini ahal izateko, eta, horretarako, 45.000 euro bideratu ditu. "Zinema pandemiagatik eten eta, ondorioz, kultura aretoak itxi arte, Udalak enpresa bati esleitzen zion zinemaren kudeaketa, eta enpresa hori arduratzen zen proiektorea ekartzeaz eta filmak programatzeaz. Kontratua amaitu egin zen, eta, COVID-19aren murrizketak malgutuz joan ondoren, pentsatu genuen hobe zela Arkupek bere proiektore propioa izatea, aukera desberdinak ematen dizkigulako. Zinemaren aldeko apustua da, herritarrentzako zerbitzu gisa, eta, bide batez, aisialdirako beste aukera bat". Caberok zehaztu du, gainera, "Aretxabaletako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura aretoetan horrelako inbertsioetarako ematen duen dirulaguntza deialdira" aurkeztuko dela. "Izapide hori ebazten den bitartean, urte amaierara arte enpresa bat kontratatu da Zaraia aretoko zinemari berriz heltzeko".

Nora, Madres paralelas eta Maixabel pelikulen zenbait emanaldi egingo dituzte. Haurrentzat, berriz, hiru film izango dira; bi, euskaraz: Space jam: Aro berria, azaroaren 13an eta 14an; eta D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak, azaroaren 27an; eta bat gazteleraz: La familia Adams 2: La gran escapada, azaroaren 20an eta 21ean. Dokumentalei dagokienez, azaroaren 4an, Kukumiku elkartearen eskutik Aztarnak lana proiektatuko dute; azaroaren 5ean, UDAren Herriaren hauspoa; eta hilaren 19an eta 26an, Edurne Pasaban alpinistaren Chhaupadi dokumentala.

Beste proposamen batzuk

Antzerkiari eta musikari dagokienez, azaroaren 6an eta 7an, Hiru (h)arri proiektuaren buru diren Goio Arrietak, Beñat Arrietak eta Gari Barandiaranek 1961musika ikuskizuna eskainiko dute. Hilaren 28an, berriz, Naita Produkzioak taldeak Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzezlana taularatuko du.Udal liburutegiak, bestalde, bi hitzordu proposatu ditu: Iñaki Martiarena Mattin-ek manga marrazkiari eta komikiari buruzko ikastaroa emango du azaroaren 11n. Izen-ematea, gehienez ere hamar parte-hartzailerentzat, hilaren 2tik aurrera egongo da zabalik. Azkenik, azaroaren 17an, Marixaren baserrian ipuin kontaketa saioa izango da Eneko Etxegarairekin

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak