Tasa eta zerga gehienak %3,3 igoko dituzte 2022an

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 21a, 16:05

Udalbatzak aho batez onartu ditu ordenantza fiskalak. Zaborraren tasak %5eko igoera izango du eta datorren urtetik aurrera merkatariek eta ostalariek osorik ordaindu beharko dute hori; gainera, terrazena kobratzen hasiko dira.

Ezohiko osoko bilkura egin zuen Aretxabaletako udalbatzak astelehenean, eta ordenantza fiskalen igoera aho batez onartu zuen. Hala, datorren urteko udal zergak eta tasak, orokorrean, abuztuko KPI metatua igotzea erabaki zuten; hau da, %3,3. "Zerbitzuen gero eta eskaera handiagoa dago, eta horiek eskaintzeko derrigor igo behar dira sarrerak", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak, eta EH Bilduko bozeramaile Ion Albizuk gaineratu: "Planteatu den igoerarekin zerbitzu publikoak indartzeko bidean jarraitzen dugu, eta horregatik babestu ditugu".

Terrazen tasa berrezarri

KPIaren igoera izango dutenen artean daude ondasun higiezinen gaineko zerga; ekonomia-jardueren gainekoa; trakzio mekanikoko ibilgailuena; eraikuntzen, instalazioen eta etxeko obra txikien gainekoa; eta uraren tasa. Salbuespena izango da zaborraren tasa; hori %5 igoko da. "Zaborraren kostua estali arte kopuru hori igotzea erabakita dugu, eta hala jarraitzea da asmoa", azaldu zuen alkateak.

Merkataritza eta ostalaritza zerbitzuen kasuan, aldaketa bi iragarri zituzten: "Pandemiaren ondorioak leuntzeko, merkatariei eta ostalariei zaborraren tasa murriztu egin zitzaien. Beste egoera batean egonda orain, normaltasuna berreskuratuko da datorren urtean eta horiek osorik kobratzen hasiko gara". Urari dagokionez, ostera, kontsumitutakoagatik ordaintzen hasi ziren merkatariak eta ostalariak pandemia sasoian –gutxienekoa kenduta–, eta hala jarraituko dute 2022an ere.

Terrazei dagokienez, pandemia aurreko tasa berrezarriko da. "Dirua bildu baino gehiago, arautu egin gura dugu kontua. Izan ere, arauak betez gero eta lekua izanda, kaleari bizitza ematen dio terraza batek. Horregatik, behar bezala finkatu gura ditugu kontuak: baimenak, ordutegia…", azaldu zuen alkateak.

Bestetik, ordenantza fiskaletan gaineratu dute Udalaren eraikinetako aretoak eta gelak erabiltzeagatik ez dietela kobratuko irabazi asmorik gabeko herriko eragileei eta elkarteei. "Orain arte ere horrelaxe zen, baina hori jaso barik zegoen ordenantza fiskaletan", argitu zuen alkateak.

Ura eta zaborra, aztertzekotan

EH Bilduk, aho batez onartu arren, "justuak ez diren tasak" aldatu beharra dagoela aipatu zuen: "Zaborraren kasuan, jarduera profesional batzuk kaltetuak direla uste dugu. Aldaketa egitea proposatu izan dugu behin baino gehiagotan, baina oraindik egiteko dago. Aurten uraren tasaren gogoeta ere egin gura dugu, pertsona bakarra bizi den etxe batean gutxiago ordaindu beharko litzatekeelako". Elkoro alkateak erantzun zuen zaborraren kostuaren gaineko azterketarik egingo den galdetuko duela Debagoieneko Mankomunitatean. Eta uraren kasuan, Ur Kontsortzioarekin aztertzerkotan direla gaia.

Gipuzkoako taxilarien elkarteak, ostera, 2022rako zerbitzuen tarifak %2 igotzea proposatu zuen, baita udalbatzak onartu ere, aho batez.

Santa Kurtz kaleko lanak

Bestetik, Santa Kurtz kaleko lanak Sasoi Eraikuntzak enpresa nafarrari esleitu zizkioten, 2.042.544 eurotan. Lanok azaroan hastea dela asmoa azaldu zuen Hirigintza zinegotzi Xabi Otxoak, eta, ondo bidean, 42 astean bukatzea. Kuartel zaharraren alboan dagoen erdi-biribilgunean hasiko dituzte, eta handik Kurtzebarri eskolarako norabidean jarraitu, zatika. Hornidura eta saneamendu sareak ordezkatzeaz gain, kale hori eta ingurukoak berrurbanizatu egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak