Nerea Mendizabal: "Norbera zaintzea umea zaintzea bezain garrantzitsua da"

Mirari Altube Arrese 2021ko ira. 25a, 09:19

(Argazkia: Nerea Mendizabal)

Orain dela bost urte inguru hasi zen Kuku Mikuko gurasoekin lanean, eta 2021-2022 ikasturtea hastear daude. Oraingoz online egiten dituzte saioak, baina asmoa da formatu presentzialera itzultzea.

Guraso eskolak garrantzitsuak dira?

Familia nuklearretan bizi gara, bakoitza geure airera, eta babes sozial horretan guraso eskolek bere lekua dute. Izan ere, asko aldatu dira kontuak sasoi batetik hona. Horregatik, elkarren arteko sostengua beharrezkoa da eta komunitate bat sortzeko lagungarri izan daiteke: elkar laguntzeko, ulertzeko, babesteko… Hezteko moduak ere aldatzen ari dira eta paradigma aldaketa hauekin nahaste handia bizi dugu guraso moduan; eta, gainera, erreferenteak falta zaizkigu. Hortaz, konpartitzeko espazio bat ere bada eskola, baita baliabideak topatzeko ere, norberak nahi duen heziketa modu hori topatzeko.

Eta hortik abiatuta guraso sareak eratzen dira?

Bai, noski; Kuku Miku bezalako elkartean sortzen diren harremanei esker eta guraso eskoletan elkar gehiago ezagutzeari esker, saioetatik kanpo ere harremanak sakontzeko aukera eman dezake, komunitate talde bat osatuaz.

Gaiak zelan zehazten dira? Zer da gurasoek gehien eskatzen dutena?

Gurasoek unean uneko kontuak eskatzen dituzte. Askotan ateratzen diren gaiak dira seme-alaben emozioak –haserreak, frustrazioak, beldurrak…–, eta horiek nola kudeatu geuk eta nola lagundu umeei kudeatzen; baita gurasook gainezka gaudenean zelan zaindu geure burua ere. Azken baten, seme-alaben heziketan oinarri sendoa eratzea da guraso guztiok gura duguna.

6 urte bitarteko adin tartean zer da gurasoek kontuan izan beharrekoa?

Umeak txikiak direnean horien garapenari ematen dio garrantzi handia bereziki guraso profil batek; zaindu nahi izaten ditu umeen beharrak, umeen emozioak, umeen erritmoak… Oso ondo dago, baina umeei lehentasuna eman eta geure buruarekin ahazteko arriskua dugu, baita bikotekidearekin eta garrantzitsuak diren beste alderdi batzuekin ere. Umeen beharrak zaintzea bezain garrantzitsua da norbera pertsona bezala zainduta egotea; zaintzaileok ez badugu geure burua zaintzen, zaintzaile kaskarrak izango gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak