Duela bospasei urte jarri zen martxan, Kuku Miku Elkartearen eskutik, Nerea Mendizabal psikopedagogo eta gizarte hezitzaileak gidatzen duen guraso-eskola. Eskolaren helburu nagusia da seme-alaben hezkuntzan egunerokoan sortzen diren zalantzak, ezinak, zailtasunak edo gatazkak partekatzeko gune babestu bat eskaintzea, gurasoak euren seme-alaben hazierarako begirada berri batez janztea eta konfiantza handiagoz jarduteko baliabideak, ezagutzak eta tresnak eskaintzea. Topagune honek gurasotasuna modu kontzienteagoan bizitzea eta seme-alabekiko lotura, harmonia eta lankidetza handiagoa bilatzeko aukera eskaintzen du azken batean.
Saioak praktikoak eta dinamikoak izan ohi dira, eta askotariko gaiak lantzen dira bertan, hala nola, beldurrak, agresibitatea, sexualitatea, mugak, sariak eta zigorrak, seme-alabekiko komunikazioa, anaia-arreben arteko harremana, seme-alaba berrien jaiotza, heriotza, egoera gatazkatsuak… Gurasoek eurek dakartzaten gaiak izan ohi dira lanketa sakonagoetarako abiapuntua.
Lehen saioa irailaren 30ean izango da. Momentu honetan, egoera dela-eta, on-line egiten ari dira saioak, baina asmoa da ikasturtean zehar formatu presentzialera itzultzea. Taldean oraindik badago kide gehiagorentzat tokia. Informazio gehiagorako 625 42 31 25 telefonora deitu edota kukumikuelkartea@gmail.com helbidera idatz daiteke.