Pandemiak iaz eragindako geldialdiaren ondoren, sanmigeletako azoka berreskuratuko da aurten, formatu egokituan. Eszenatoki berriak gehituko dituzte, eta postuen arteko distantzia ezarri, pandemiari aurre egiteko gainerako prebentzio neurriak bermatzeko. Durana eta Mitarte kaleek eta, berrikuntza gisa, Iralabarrik artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azoketako hogeita hamar erakustoki jasoko dituzte. Feria irailaren 25ean izango da, 10:00etatik 14:00etara bitartean.
Egitaraua
Irailak 25, zapatua
• 10:00-14:00 Artisautzaren eta Nekazaritza Ekologikoaren 26. feria. Durana kalean, Mitarte kalean eta Iralabarri plaza azpian.
• 10:00 Diana.
• 11:00-13:30 Loramendiko 'Tril' emakume taldearen 'Talo txosna', Herriko Plazan.
• 13:00 Lekaixokak antolatuta, 'Balkoitik balkoira' saioa, udaletxe zaharrean, Igor Gaztelumendi eta Etxahun Elortza bertsolariekin.
• 16:30 Nerabeentzako 'paintball'-a, Ibarra zelaian.
• 19:30 'Iratzar kantari' emanaldia, Herriko Plazan.
Irailak 26, domeka
• 13:00 Herri kirolak, Herriko Plazan.
Bertako ekoizle eta artisauak
Sanmigel kulturala izenpean aurkeztu dute asteon programa, eta ekitaldian parte hartu dute Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak, eta baita Ariane Unanue erlezainak ere, artisauen eta nekazarien ordezkari. Bertan adierazi zutenez, aurreko edizioetan moduan, pintura, bitxiak, ehungintza, ilerako osagarriak, kakorratza… egongo dira ikusgai, eta produktuak salgai, eskualdeko artisauek jarriko dituzten hamalau postuetan. Batez ere, Aretxabaleta eta Arrasatekoak. Bestalde, Biolur elkartearekin batera antolatzen den nekazaritza ekologikoaren azokak hogei bat erakustoki jarriko ditu: barazkiak, frutak, gazta, marmelada, arropa ekologikoa… izango dira.
Aretxabaletako txistularien dianarekin emango zaio hasiera azokari, 10:00etan. Tril Emakume Taldeak prestatutako taloak dastatzeko aukera ere egongo da, Herriko Plazan, eta, gainera, Lekaixoka bertso-eskolakoek antolatuta, Balkoitik balkoira bertso saioak giroa jartzen lagunduko du, Igor Gaztelumendi eta Etxahun Elortza bertsolariekin. Saioa udaletxe zaharreko balkoitik izango da, 13:00etan hasita.
Erromeria taldea, egokituta
Musikak ere izango du protagonismoa Sanmigel kulturala egitarauaren barruan: Anoetako bost musikarik osatzen duten Iratzar kantari taldeak euskal kantu herrikoien errepertorioaz osatutako emanaldia eskainiko du, Herriko Plazan, 19:30ean.
Bestalde, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeek paintball-az gozatu ahal izango dute Ibarrako berdegunean, 16:30ean hasita.
Herri kirolen erakustaldia
Domekan, hilaren 26an, ohi bezala, herri kirolak izango dira nagusi, Hodei Ezpeleta, Xabier Zaldua, Andoni Izeta eta Bihurri aizkolarien eskutik. Hodei eta Jakes Iruretagoiena eta Lierni Osa harri-jasotzaileak ere izango dira, eta Karlos Aretxabaleta. Azken hau Iparraldeko jokoekin arituko da, Herriko Plazan egingo den erakustaldian. Herri kirolek hartuko duten lekua mugatu egingo dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta ikusleak eserita egongo dira. 13:00etan hasiko da ekitaldia.