1996an sortu zenean, 77 ikasle matrikulatu ziren Kurtzebarri institutuan: "Urte hartan hezkuntza sistema berregituratu zuten, Derrigorrezko Hezkuntza 16 urtera arte luzatuz; hori dela eta, Eskola-mapa berria eratu zen, eta, egoera horretan, Leintz-Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaletako 12-16 urte bitarteko ikasleei erantzuteko Kurtzebarri BHI sortu genuen, hezkuntza publikoa bermatuz ikasle ororentzat", aipatu du Juan Carlos Pascualek, Kurtzebarri BHI-ko zuzendariak.
Gaur egun, 278 gaztek ikasten dute Kurtzebarri BHIn, duela 25 urte baino 201 gehiagok. Lehen urteetako espazio faltak Herriko Plazako ikastetxe berriaren inaugurazioa ekarri zuen, 2003an.
Gaur egun, ikastetxe berriaren proiektua zehazten dabiltza, Kurtzebarri BHI-ren sena definitzen dituzten hiru zutabeak aintzat hartuz: aniztasunari arreta bermatzea, bizikidetza positiboaren sustapena eta Hauspoa proiektua. Azken horren inguruan Pascualek zehaztu du 2015-2016 kurtsoaz geroztik dagoela abian eta hiru helburu nagusi dituela: "Eskola-denboraren eredu berriak praktikan jarri eta ebaluatzea, ikastetxeen kalitatea hobetzea (bikaintasuna), autonomia gehituz eta emaitzen hobekuntza sustatzea".
Eskerrak eragile inplikatuei
Bukatzeko, urte hauetan ikastetxearen alde jardun izan duten ikasleak, langileak (irakasle eta ez-irakasle) gurasoak, Leintz Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaletako Udalak eta Hezkuntza Saila izan dituzte gogoan, "beraiek izan baitira ikastetxeari zentzua eta bizia eman diotenak; guztiei, beraz, eskerrik beroena".