Irailaren 9an, eguena, hitzaldia emango dute Marc Badalek eta Marta Barbak Arkupen, 18:30ean. Aretxabaletako tomatea eta bere historia. Landutako bioaniztasuna zaintzeko ikaspenak du izenburu hitzaldiak eta saio horren bueltako erakusketa ere egongo da ikusgai Arkupen.
Gainera, gaurtik bertatik hasi eta hilaren 12ra arte tomateaz egindako askotariko pintxoak dastatu ahalko dira zazpi tabernatan: Dagda Irish pub, Exprex, Gurea, Hirusta, Iosu, Mugi eta Taberna Berri.
Azoka, aurten domekan
Hori bai, asteko ekitaldi nagusia domekan helduko da, Durana kalean jarriko duten 20 bat postuz osatutako feria, hain zuzen ere; tomatea izango da protagonista, baina egongo dira bestelako elikagai batzuk ere. Domekako ferian ortu lehiaketaz gain, tomatearen erakusketa popularra eta tomaterik itsusiena aukeratzeko lehiaketak ere izango dira.
Bestalde, joan den astean bereziki ezaguna egin zen Aretxabaletako tomatea, Larrino auzoko Larrinogarai baserrian ekoiztutakoak bi sari garrantzitsu jaso zituen-eta Kantabrian: bata Santa Cruz de Bezanan eta bestea Torrelavegan. Udaletik harriduraz eta pozez hartu zuten albistea.
Mankomunitatea pozik orain arteko ibilbidearekin
Aurtengoa Tomatearen Astearen bosgarren edizioa izango da, urtez urte herrian eta bailaran errotzen doan ekimena. Atzera eginda, Mankomunitatea pozik dago ekimenak izan duen ibilbidearekin. "Lehen urtean San Migel jaiekin batera egin genuen eta txiki geratu zen. Jende asko hurbildu zen tomateaz galdezka, haziak eskatzera... Eta horregatik erabaki genuen aparte antolatzea", dio Mankomunitateko turismo teknikari Ana Herizek.
Baina, zergatik bisitatu beharko litzateke Aretxabaleta Tomatearen Astearen barruan? Hona Ainhoa Caberok proposatzen duena: "Esan dugun moduan, taberna batzuetan pintxoak egongo dira eta aukera ona da pintxo horiek dastatzeko. Domeka goizerako aukera oso ona izan daiteke tomateaz eta bestelako jakiez osatutako azokara hurbiltzea, eta gero pintxo bat eta tragoa hartzea", dio kultura zinegotzi Ainhoa Caberok.