"Tomate gustagarria da batzen dituen ezaugarriengatik"

Mirari Altube Arrese 2021ko ira. 3a, 20:00

Aretxabaletan bertan –Larrino auzoko Larrinogarai baserrian– ekoiztutako Aretxabaletako tomateak bi sari garrantzitsu jaso ditu azken egunotan Kantabrian: bata Santa Cruz de Bezanan eta bestea Torrelavegan. Adituek osatu dute epaimahaia; besteak beste, Pepa Muñoz sukaldariak –Michelin izarra duena–, Pepe Barrena gastronomia kritikariak eta David Remartinez –El Comidista– eta Pedro Vallin –La Vanguardia– kazetariek. Tomateen artean maisu dela barietate hori adierazi diote haiek Agirreri.

Zeri eman diote balioa epaimahaiko kideek saria emateko?

Azal finekoa izatea, batetik, eta hazi gutxi izatea, bestetik; ondorioz, garraztasun gutxiago du eta goxoagoa da. Gainera, ez dauka beste batzuek beste beta, eta, horregatik, okela askokoa da. Ezaugarri horiek guztiek bat egiterakoan emaitza da oso tomate atsegina eta gustagarria; halaxe adierazi ziguten epaimahaiko kideek.

Eta epaimahaiko kide horiek ez ziren nolanahikoak, gainera…

Santa Cruz de Bezanan, esaterako, Pepa Muñoz egon zen; goi mailako sukaldaria da eta hainbat aldizkaritako gastronomia arduraduna. Tomatearen gainean aditua da, gainera, eta produktuak ere ekoizten ditu. Hark esan zigun, hain zuzen, tomateen artean maisua dela berarentzat gure barietatea.

Halakoak entzunda, balio handia duen tomatea dela esan daiteke…

Aretxabaletako tomateak estimu handia du, eta ez bakarrik hemen; Espainiako hainbat tokitan duen arrakastarekin harrituta geratuko ginateke.

Etxean bertan baino kanpoan balio handiagoa ematen diotela esan daiteke?

Bertan ere baloratzen dugu, gustuko dugu. Tomatearen ekoizpena leku askotan da garrantzitsua, baina bereziki hemen asko saiatzen gara tomate ona lortzen. Baina egia da altxorra dela gurea.

Eta hain tomate onak ekoizteko sekretua zein da?

Ni neu ekoizle hutsa naiz, baina Aretxabaleta tomatea barietatea izan dezagun hainbat lagunek egin dute lan aurretik. Horien artean daude Aramaioko Zalgo auzokoak, Joxe Atxurdin eta hazia atera zuten hainbat. Marta Barbak, ostera, tesia egin zuen hori aztertuaz eta Marc Badal kataluniarrak barietate horren gaineko liburua idatzi zuen orain dela urte batzuk – Aretxabaletako tomatea. Bioaniztasuna, lurraldea eta jakintza partekatua–. Horiez gain, ezin ahaztu Koldo Zubizarreta aretxabaletarrak eta Tomas Larrañaga antzuolarrak barietate hori azaleratzeko egindako lan guztia; haiengatik izan ez balitz gaur egun lortutako saririk ez genuke izango.

Sari horren atzean, orduan, ez zaude zu bakarrik…

Saria tomate barietate horrek jaso du, eta ez nik; ondorioz, horren izena agertu da komunikabide ezberdinetan, eta ez nirea. Horregatik, argi utzi behar da irabazlea tomatea bera dela, eta baita herriaren izena ere, hainbat tokitan agertu delako.

Zeuk ekoiztutako tomateak dira, baina ez diharduzu horretan.

Ez, afizioa dut. Guk ekologikoki ekoizten dugu, horren aldekoak garelako etxean, eta, horretarako, bete beharreko neurri guztiak fin-fin betetzen saiatzen gara. Berezitasun moduan aipatuko nuke orokorrean oso ohikoa dela ur asko botatzea landareei eta guk apenas botatzen diegu; gainera, uraren tenperatura zaindu egiten dugu ureztatzerakoan. Horrez gain, ongarri berdea erabiltzen dugu; horrek esan gura du belarra izatea lurra ez dadin gehiegi lehortu eta lurrak ez dezan indarra galdu.

Eta nolatan eroan dituzue tomateak Kantabriako bi azoka horietara?

Joan den asteburuan izan ziren biak eta egun-pasa joan ginen harantz, etxeko tomateek arrakastarik izango ote zuten probatzeko. Poztekoa da hainbeste gustatu izana.

Hortaz, erakustea beste asmorik ez zenuten?

Sekula ez gara egon halako lehiaketetan, eta asmoa zen azokak ikustea eta haien funtzionamendua ezagutzea.

Aretxabaletan ere izango da azoka irailaren 12an Tomatearen Azoka barruan; zuen tomateak ere egongo dira probatzeko?

Ez, guk ez dugu eroango, baina egongo da probatzeko eta erosteko aukera, baita haziak erosteko ere.

Tomatearen Astea hilaren 6tik 12ra

Aretxabaletako tomateari eskainitako astea bueltan da, Debagoieneko Mankomunitateak antolatuta Udalarekin elkarlanean. Irailaren 6tik 12ra izango da eta Haziak mugitzen erakusketarekin abiaraziko dute; Arkupen egongo da aste osoan.

Barietate horren gainean adituak diren Marc Badalek eta Marta Barbak hitzaldia eskainiko dute eguenean, hilaren 9an, Arkupen (18:30). Aretxabaletako tomatea eta bere historia. Landutako bioaniztasuna zaintzeko ikaspenak izenarekin, haren gaineko kontuak izango dituzte hizpide. Eta zapatuan, irailaren 12an, azoka berezia egingo dute. Ortu lehiaketako eta tomate erakusketako sariak banatuko dituzte eta tomatearekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak