Euspoteko sari nagusia Idiazabalera joan da

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 28a, 08:53

Hamargarrenez egin den lehiaketak osasuntsu jarraitzen du; izan ere, 87 spot aurkeztu dituzte, iaz baino 36 gehiago. Sari nagusia Iñigo Zapirainek jaso du, Geroa ereiten lanagatik, eta kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna nabarmendu ditu epaimahaiak.

Hamargarrenez egin den Euspot lehiaketak bete egin zuen Arkupe atzo, eguena, iluntzean. Nekazaritzatik bizi nahi dugu! gaiaren bueltan sortutako euskarazko spotik onenek jaso zituzten sariak, Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztutako eta Eñaut Zubizarreta biolontxelojoleak girotutako ekitaldian.

2.800 euro saritan banatuta

Sari nagusia –1.000 euro– Idiazabalgo Iñigo Zapirainen Geroa ereiten lanak jaso zuen. Epaimahaiak nabarmendu zituen horren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde den Bittor Orozek eman zion saria; izan ere, aurtengo lehiaketaren babesle nagusia Hazi izan da.

Iñigo Zapirain eta familia Bittor Orozek emandako sariarekin.

Mondragon Unibertsitateko spotik onenaren saria –500 euro– Oñatiko Sara Iriarterendako, Garaia Pagolarendako eta Danel Teranendako izan zen, Nik ez ditut sustraiak moztuko lanagatik.

Mondragon Unibertsitateko lanik onenaren saria jaso zuen taldea.

Musika sinkronizazio onenaren saria –300 euro–, ostera, Amaia Renobales durangarrak eta Iban Garcia azkoitiarrak egindako Nondik datorren jakin spotak jaso zuen, baita publikoaren saria ere –500 euro–. Publikoak astebete izan zuen 87 lanen artean gustukoena hautatzeko aukera, eta guztira 3.000 boto baino gehiago jaso direla aurten aipatu dute antolatzaileek.

Iban Garcia eta Amaia Renobales publikoaren saria eskuartean dutela Koldo Zubillaga zinegotziarekin.

Gazteen –18 urtetik beherakoak– lanik onenari dagokionez, berdinketa izan da, eta banatu egingo dute saria –250 euro– bi lanen egileek: Etxalarko Kemen Virtok, Emakumeak eta baserria spotagatik; eta Aretxabaletako Egoitz Grucetak, Erlantz Negrok eta Joanes Aranak, Ez izan tuntuna, erosi Km0 lanagatik. Arizmendi ikastolako ikasleen artean –250 euro–, ostera, Lur Bengoa, Nagore Garnateo eta Leire Calvo arrasatearrek eta aretxabaletarrek egindako Etorkizunera begira lana izan da saritua.

Bai Euskarariko  Rober Gutierrez gazteen saileko lanik onenen irabazleekin: batetik, Kemen Virto, eta bestetik, Erlantz Negro, Joanes Arana eta Egoitz Gruzeta.

Nagore Garnateo, Leire Calvo eta Lur Bengoa, Arizmendiko ordezkari Alberto Garrorekin.

Iaz baino 36 lan gehiago

Aukeratutako gaiaren helburua izan da gazteak eta, batez ere, emakumeak landa eremura gerturatzea, eta antolatzaileak – Aretxabaletako Udala, MU, Arteman eta Arizmendi–, pozik agertu dira aurtengo parte-hartze datuekin; izan ere, 87 spot aurkeztu dira, iaz baino 36 gehiago: 52 lan 18 urtetik gorakoek egindakoak, eta 35 izan dira 18 urtetik beherakoenak. Euskal Herriko txoko askotatik iritsi dira horiek saritutako lanek erakutsi duten legez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak