Adinekoentzako gizarte zentroaren proiektua aurkeztu dute Aretxabaletan

Maialen Santos 2021ko mai. 19a, 18:05

Aretxabaletako Santa Rita komentua adinekoentzako gizarte zentro bilakatzeko proiektua aurkeztu dute gaur, herriko Udal ordezkariek. Basotxo erretiratuen egoitza, eguneko arreta zerbitzua eta erabilera anitzeko gela kokatuko dituzte eraikin horretako beheko solairuan, 900 metro karratuko espazioan.

Edozelan ere, atalka egingo dituzte lanak, eta erretiratuen egoitza eta taberna egingo dituzte lehengo eta behin, baita instalakuntzak eta lehenengo solairurako komunikazio-guneak ere.

Horren ostean egokituko dute adinekoentzako arreta zerbitzua, egun Arkupen  ematen diren estimulazio kognitiboko tailerrak instalazio horietan egin ahal izateko. Erabilera anitzeko gela bat ere egin asmo dute, herriko eragile ezberdinek erabili dezaten. Egun kapera dagoen tokian jarriko dute gela hori. 

Lan horiek eginda amaituko lukete proiektuaren lehen fasea, eta bigarrena geratuko litzateke egiteke; tutoretzapeko apartamentuak, hain zuzen ere. Edozein modutan, Udal Gobernuak proiektu osoa batera atera nahi du lizitaziora, eta obrak esleitzeko deialdia aurtengo hirugarren hiruhilekoan egingo dute. Fase horretako lanek 1.873.000 euroko kostua izango dute. "Oinarrizko proiektua onartuta dago, eta orain, exekuzio proiektuaren zain gaude", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak komentuan bertan egindako aurkezpenean.

Lehen faseko lanak

Beheko solairuak 900 metro koadro ditu eta David Sanchez Bellido eta Iturbe Eraikuntza Tekniko Taldea UTEa arduratuko dira horren diseinuarekin. Eraikinaren ipar-mendebaldean autonomoentzako eta mendekotasun baxuko adinekoendako eguneko zerbitzua egongo da. 166 metro koadroko espazioa izango dute jardueretarako, baita komun egokituak eta bestelako asistentzia gelak ere; orain Arkupen ematen dituzten estimulazio kognitiboko tailerrak emango dira han.

Eraikinaren hegoaldeko hegalean, ostera, Basotxo erretiratuen egoitza egongo da: taberna, 90 metro karratuko jangelarekin; komunak; ataria; galeria eta bulegoa. Ipar-ekialdeko hegalean, ostera, eguneko arreta zerbitzuaren bulego osagarri bat egongo da, eta kaperako erabilera askotariko gela. Erdisotoan tabernako sukaldea egongo da, baita gela osagarriak eta instalazioak ere. 

Sarrera nagusia lorategitik egongo da eta tabernak sarbide independentea ere izango du ibai ondoko pasealekura ematen duen fatxadatik.

Proiektu estrategikoa

Udaletik azaldu dute pandemiak gehien kolpatu dituenen artean daudela adinekoak, eta beraz, sozializazioa eta bizita aktiboa sustatzeko asmoz egingo duten proiektua izango dela honako hau, hain zuzen ere "proiektu estrategikoa" Udal gobernuarentzat. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Karmele Uribarri oso pozik agertu da: "Guretako estrategikoa da zentro hau, zentzu askotan. Osasun krisi honetan, bereziki adinekoek sufritu dute bakardadea eta isolamendua, eta zentro hau sozializazioa eta bizitza aktiboa pizteko izango da. Kokapena bera ere oso aproposa da; herriaren erdigunean egonda, integrazioa sustatuko du, eta belaunaldi askotariko herritarren topalekua izango da".

Basotxokoak "gustura"

Basotxo erretiratuen elkarteko kideek gertutik egin diote jarraipena proiektuari, eta ekarpenak egin dizkiotela adierazi zuten Aitor Alberdi presidenteak eta Miguel Elorza zuzendaritzako kideak: "Ahalegindu gara geure beharretara egoki ditzaten bai taberna bai gure lokalak. Eta eskatutakoa lortu dugula esan genezake; hortaz, pozik gaude". Basotxoren egoitza dagoen egungo eraikinean osasun etxe berria egingo du Osakidetzak: "Lehenbailehen esleitu gura dituzte lanak, eta irailetik aurrera hasi. Horregatik, laster irten beharko dute handik, eta, bien bitarterako, urte eta erdi ingururako, beste kokaleku baten bila gabiltza", azaldu zuen alkateak, baina ez zuen zehaztasun gehiagorik eman.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak