Mendizorrotzan esatari lanetan egun batez

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 14a, 19:30

Mikel Zumalde gazte aretxabaletarra Alavesen eta Levanteren arteko partiduko 'speaker'-a izan zen joan den zapatuan; horretan 23 urte baino gehiago daramatzan Gorka Etxabe osaba ordezkatu zuen, eta talde babazorroa "gogotsu" animatu.

Mendizorrotzako zirrikituak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Mikel Zumaldek (Aretxabaleta, 1999). Izan ere, Alavesen etxeko partiduetako esatari Gorka Etxabe osabak umetan erakutsi zion harako bidea. Eta joan den zapatuan, osaba ordezkatzeko "ohorea" izan zuen: "Partidu profesional batean, Alavesentzat hain garrantzitsua zen partiduan, speaker jardutea izugarria izan zen". Levanteren aurka puntu bakarra eskuratu bazuen ere Gasteizko taldeak, ezin beteago itzuli zen: "Lo hartzea ere kosta egin zitzaidan egun hartan".

"Naturaltasuna" da gakoa

Alavesen zale amorratua da, eta hori etsai ere izan zitekeela bazekien, denboraldia bukatzear dela hil ala biziko partiduak ditu-eta guztiak talde babazorroak: "Hasiera makalaren ostean sartu zuten gola, eta irabazten hasi ziren. Banekien neure burua kontrolatu beharra nuela, eta horretan ahalegindu nintzen".

Mikrofono aurrean naturaltasuna dela gakoa uste du: "Esan beharrekoa irakurri egiten da, baina garrantzitsua da, adibidez, geldiuneak ondo egitea eta indarra jartzea hitz zehatz batzuetan. Eta gero, praktikatzea hasi aurretik; ahotsa berotzen jardun nuen ordubete inguruz".

Etxabek ez zuen zapatuan partiduan egoterik izan lan kontuengatik: "Klubarekin hitz egin, eta onartu egin zuten Mikel izatea. Idatzitakoa erakutsi zidan hark, eta txikikeriak bakarrik aldatu nizkion. Aparteko gomendiorik ere ez nion eman; Mikelek badu sena horretarako".

Zubi-lanaren ardura

Bigarren B Mailan ezagutu zuen taldea Zumaldek, eta Lehen Mailarako igoera bizi izan du harekin: "Alaves-zalea zinela esatea bekatua zen sasoi hartan gure inguruan, eta orain, hamar-hamabost bat laguneko taldetxoa sortu da Aretxabaletan". Zaleentzat zein taldearentzat denboraldi gogorra izaten dabil, mailari eusteko borroka betean: "Iaz, kostata eutsi zitzaion mailari, eta aurten ere antzera gabiltza".

Pandemiak hustu egin ditu futbol zelaietako harmailak. Zaleen berotasuna, ostera, talde guztientzat da garrantzitsua, eta, Alavesen kasuan, ezinbestekoa: "Jokalariek eurek ere sarri esan izan dute indarrik gabe geratzen direnean zaleen orroen bultzadarekin aurrera egiten dutela", dio Zumaldek, eta Etxabek gaineratu du: "Iraultza taldeak bideratutako olatua garrantzitsua izan da azken urteetan. Nik sarri esan izan dut izugarri igartzen ditudala faltan". Eta zaleen eta jokalarien artean zubi-lanak egiten dituena esataria dela dio Zumaldek: "Ikusleek hartu-eman zuzena dute horrekin; gola sartzerakoan, esaterako, jokalariaren izena esaten du speaker-ak, eta zaleek abizenarekin erantzun". Etxabek gaineratu du: "Era berean, klubaren ahots ofiziala gara zaleen aurrean".

Kazetaritza ikasketak bukatzen dabil Zumalde, eta kirol munduan sartu gurako luke muturra. Dena den, esatari jardunari ez dio muzinik egiten. Hala, San Mamesen ere egin zuen proba bat iaz. "Joan den zapatuan publikorik gabe ere izugarri gozatu nuen; hortaz, pentsa harmailak zalez beteta egon izan balira…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak