Hizkuntza gutxituak eta natura, gogoetarako gai

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 7a, 13:08

Garabide elkarteak eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak antolatutako Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen erakusketa izango da maiatz osoan Arkupen, eta ikastetxeetako gaztetxoentzako bisita gidatuak egiten hasi dira.

Ama hizkuntzaren garrantzia agerian jartzeko eta hauspotzeko asmoarekin, EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak eta Garabidek elkarlanean erakusketa bat jarri dute abian. Otsailaren 21ean ospatzen den Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean abiaraztea zen asmoa, baina pandemia egoerak behartuta atzeratu egin zuten, eta maiatzean, Aretxabaletan, hasi du ibilbidea Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen erakusketak.

Hizkuntza gutxituak, gehiengoa

Hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzea du helburu Garabide elkarteak, eta, horren harira, aditu ikastaroak antolatzen ditu bi urtean behin. 2018an parte hartu zutenek kultur ekoizpenaren inguruko lanketa egin zuten. Hamar herrialdetako ekarpenak bildu zituzten orduan, eta liburuxkatxo bat sortu dute, indigenen kontakizunak jasota. "Jatorrizko hizkuntzan jaso dira, eta euskarara egokitu ditugu. Eta irudiekin osatu", azaldu du Garabideko kide Andoni Barreñak.

Liburuxka horretatik abiatuta etorri da erakusketa, EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrako kide Ines Garcia Azkoagak azaldu duenez: "Hizkuntza horiek ezagutzera ematea eta hain urruti geratzen zaigun haien mundu horren berri ematea da asmoa, eta, horren bidez, euskararekiko ere gogoeta bat egiteko".

Munduan 6.000 eta 7.000 hizkuntza artean egon daitezkeela dio Garciak, eta hizkuntza indartsuak, hiztun asko dituztenak, "bakar" batzuk direla; ingelesa, gaztelera eta txinera, esaterako: "Munduan dauden hizkuntza gehienak oso komunitate txikietan hitz egiten dira. Hizkuntza ahulak dira, eta asko, galtzeko zorian daudenak. Horregatik, oso garrantzitsua da hizkuntza horiek biziberritzeko ahalegina egitea".

Era berean, hizkuntzen biziraupenak garapen iraunkorrarekin harreman estua duela uste du: "Herri guztien garapena nahi badugu, garrantzitsua da hizkuntza hori erabilgarria izatea, komunitate horretako guztien eskura egotea eta balioa ematea norberarena denari. Eta hori garapen tresna bihurtzea".

Gogoeta sustatzeko eta kontzientzia pizteko ikastetxeekin egiten den lana garrantzitsua dela uste dute antolatzaileek. Horregatik, bisita gidatuak egingo dituzte ikasleendako. "Bisitek aukera emango dute eskolan bertan hizkuntzen gaineko lanketa egiteko". Horretarako, joko interaktiboak eta entzun daitezkeen ipuinak dituzte eskura Arkupen.

Hizkuntza eta natura, eskutik

Hizkuntza "ezin da ulertu naturarik gabe" herri indigenetan eta hori agerian uzten du erakusketak berak. "Indigenek duten herri proiektua da. Eurek esango lukete: gu naturaren ondorioa gara, naturak sortu gaitu eta guk natura zaindu egin behar dugu jarrai dezan ondorengoendako", azaldu du Barreñak.

Laugarrenez antolatu zuen Garabidek aditu ikastaroa 2018an, eta hamabi komunitatetako hemezortzi lagun etorri ziren orduan. Haiengandik jasotakoak eta ikasitakoak aipatu ditu Barreñak: "Hizkuntza eta kultura ez doazela bakarrik, erantzun globala behar dela erakutsi digute, gizartearen beste eredu bat behar dugula hizkuntzak eta kulturak gordetzeko eta garatzeko; horregatik, inportantea da naturan eragitea, gizarte antolakuntzan eragitea". Zoriontasunaren gainean duten ikuspuntua ere azaldu du: "Ongi bizi izatea eta zoriontasuna lehenesten dituzte gauzak pilatzearen eta gauza asko izatearen gainetik". Eta taldearen garrantzia azpimarratu du: "Erantzuna talde bezala eman behar dela erakutsi digute. Komunitate osoak ez badu lan egiten, erantzuten, gureak egingo duela".

Ines Garcia Azokaga EHU

"Helburua da hizkuntzen gaineko gogoeta sustatzea; batez ere, hizkuntza gutxituen eta arriskuan dauden horien gainekoa. Baita gure hizkuntzaren gainean hausnartzea: zein den euskararen egoera une honetan eta zer egin dezakegun bere alde".

Andoni Barreña Garabide elkartea

"Hizkuntzak eta kulturak inportanteak dira bizi irauteko naturarekin orekan. Zientifikoki frogatu da natura hondatzen den neurrian, kulturak eta hizkuntzak ere murriztu egiten direla; eta horiei eutsi egiten zaiela natura gordetzen den lekuan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak