Arropa bakoitzaren atzean istorio bat dagoela hausnartu nahi izan dute aretxabaletarrekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 17a, 13:06

Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, moda jasangarria eta kontsumo arduratsuari buruzko hitzaldi tailer bat egin dute Arkupen. Hizlariek arropa bakoitzaren atzean zer ezkutatzen den ikusarazi nahi izan dute, herritarrak horrek daukan garrantziaz jabetu daitezen.

SETEM Hego Haizea Gobernuz Kanpoko Erakundeko sentsibilizazio teknikari Maider Arnaiz izan da lehena hitza hartzen, Aretxabaletan egin duten moda jasangarriari buruzko solasaldian. Adierazi du garrantzitsua dela jakitea erosten dugun produktu bakoitzaren atzean zer dagoen. Hauxe azaldu du: "Askotan ez dira giza eskubideak bermatzen, urratu egiten dira. Eta askotan hemengo enpresek beste herrialde pobretuagoetan izaten dituzte euren fabrikak, baldintza oso kaxkarretan". Horretaz jabetu behar garela gaineratu du eta esan du baita ere, geroz eta alternatiba gehiago eskaintzen direla, baina oraindik asko dagoela hobetzeko.

The Slowear Project eta EducaEco plataformaren sortzaile Angels Biosca Peris-ek hartu du gero hitza. Eta azpimarratu nahi izan du arropetan istorio asko gordetzen direla: "Arropa bakoitzaren atzean pertsona asko daude, material ugari, beti onak ez diren produktu kimikoak, eta informazioaren zati bat etiketetan aurki dezakegu”. Etiketetan informazio guztia etortzen ez den arren, horietan dakarrena arretaz begiratzeak eta horretaz jabetzeak berebiziko garrantzia duela esan du. Eta gaineratu, badaudela "mundua pixka bat hobetzen duten alternatibak".

Badaude alternatibak

Gu Haziak Gara elkartetik egiten duten lana da alternatiba bat. Bertako kide Paloma Martinezek ere hartu du parte solasaldian eta azaldu du beste herrialde batzuetatik etorri diren paperik gabeko emakumeei ordaindutako lan bat eskaintzen dietela, eurak profesionalak diren ehungintza sektorean.

Debagoienean, horri dagokionez, kontzientzia apur bat ere badagoela gaineratu du: “Bailaran herritarrak badaude kontzientziatuta eta guk bai ikusten dugu badagoela gogo bat gauzak aldatzeko. Badaudela adibidez, Olgeta, udaletxeak, Copreci eta beste hainbat enpresa eta komertzio apustua egiten dutenak eskaintzen dituzten ehungintza sektoreko produktuak beste era batean egindakoak izateko”. Adierazi du gainera, Debagoiena 2030 plataformari helduta, badabiltzala garatzen ehun-gai bat, mugikortasun arazoak dituzten pertsonendako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak