Santa Kurtz kalearen lanei aurten ekingo diete

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 17a, 08:22

Proiektua jaso berri du Udalak eta asmoa da maiatz eta ekain artean ateratzea lizitaziora irailean hasteko. Proiektu estrategikoa da Udal gobernuarentzat eta aurreikusitako aurrekontua 2,3 milioi eurotik gorakoa da.

Santa Kurtz kaleko hornidura eta saneamendu plan bereziaren proiektua gertu dauka Udalak. Sare horiek berritzearekin batera kalea berrurbanizatu egingo dute, irisgarritasun irizpideak kontuan hartuta. Irailean hasi gura dituzte horiek eta urtebeteko exekuzio-epea zehaztu dute.

Proiektu estrategikoa

Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak eman ditu lanen gaineko nondik norakoak. Maiatz eta ekain artean lizitatzea da asmoa, irailean hasteko: "Kuartelaren alboko erdi-biribilgunean hasiko dira Kurtzebarri eskolako norabidean, eta zatika egingo dituzte, bost fasetan. Gure asmoa da eskola inguruko lanak 2022ko opor sasoian egitea, ahalik eta kalte gutxien eragiteko".

Udalarendako proiektu estrategikoa da eta "lehentasuna" eman gura izan diote: "Helburua da espazio publikoak hobetzen jarraitzea eta oinezkoentzat atseginagoak izatea, irisgarritasuna eta bide segurtasuna irabaziz. Eta, aldi berean, bidegorriari jarraipena ematea".

Aurreikusitako kostua 2,3 milioi eurotik gorakoa da, baina behin betiko zenbatekoa obrak esleitutakoan zehaztuko dute. Hori finantzatuko dute 2021eko Udal aurrekontuarekin –aurten 1.508.900 euro bideratu dituzte– eta gainerakoa 2022koarekin.

Ur eta argiteria sareak berritu

Asmatu Ingeniaritzak diseinatu du proiektua. Lanei dagokienez, batetik lur azpiko sareari dagozkionak egingo dira, eta bestetik, berrurbanizatze lanak. Hornidura eta saneamendu sareak ordezkatuko dituzte; saneamendu urak eta dranaitze urak bereiziko dira, putzu berriak eta kanalizazio berria eraikiz. Edateko uraren hornidura sareari dagokionez, gaur egungo hodien (fibrozementua) ordez galdaketa harikorreko sare berri bat jarriko da, diametro handiagoa duena. Eta etxebizitzetarako hartuneak lotuko dira polietilenozko hodi txikiagoen bidez.

Argiteria sareak ere eguneratu egingo dituzte led argi berriak jarrita, baita telekomunikazioak ere –airetik igarotzen diren zatiak kendu egingo dira–.

Irisgarritasuna bermatu

Proiektuaren abiapuntua izan da iaz Udalak egin zuen parte-hartze prozesuan Santa Kurtz eta inguruetako bizilagunek gehien bozkatutako alternatiba. Aparkaleku gehien –150 guztira– eskaintzen zuen aukeraren alde egin zuten bizilagunek, beti ere ziurtatuta "oinezkoentzako eremu zabalak eta nahikoak", horrela irisgarritasun araudia betetzeko.

Ildo horretatik, oinezkoen eremuak eta ibilgailuen zirkulazioa mugatuko dituzte, hainbat material erabiliz. Espaloiak bi metro zabal izango dira gutxienez, eta txorkoak egokituko dira zuhaitzak landatu ahal izateko. Bidegorriak ere bere ibilbidea jarraituko du kuarteleko erdi- biribilguneraino, eta galtzadaren zabalera txikituko da –kalearen amaieraraino jaisten den eskuineko aldeko espaloia zabaltzean–, ibilgailuen abiadura murrizten laguntzeko.

Obra borobilduko dute altzari berriak jarrita: bankuak, farolak eta zakarrontziak.

Aparkalekua Tubosen

Bestalde, obrak egiten diren bitartean kenduko diren aparkalekuak konpentsatzeko, behin-behineko aparkaleku bat egokituko da Tubos enpresa izandako lursailean. Ortuzal enpresak, lurraren jabeak, utziko dio espazio hori Udalari eta 76 toki egongo dira. Otxoa zinegotziak pazientzia eskatu die bizilagunei: "Lanek ahalik eta eragin txikiena izateko neurriak hartuko ditu Udalak. Baina pazientzia, merezi izango du eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak