Aldarrikapenak agerian uzteko manifestazioa

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 5a, 14:31

Hainbat emakume, Mundu Martxarako gertatutako oihalarekin, otsailaren 20an.

Martxoaren 8ko ekitaldi nagusia Herriko Plazatik abiatuko da, astelehenean, 18:00etan, eta ibilbidearen bost gunetan geldialdia egingo dute, hainbat emakume talderen eskaerak agerian uzteko; bukaera plazan izango du, musikak lagun eginda.

Dena aldatu, sistema arrakalatu leloarekin, borroka feminista antikapitalistaren eta antiarrazistaren aldeko deia egingo dute astelehenean, Aretxabaletako Mugimendu Feministak antolatutako manifestazioan. 18:00etan abiatuko da, Herriko Plazatik, eta Udalak ere sartu du egitarauan.

Bost gune, aldarrikapen bana

Ibilbidean zehar bost gune egokituko dituzte: Errekabarren kalean –komentu inguruan–, Jaiki elkartekoek performacea egingo dute, eta Auzoko taldeko kideek murala margotu dute Zainduz eraikinaren atzeko partean; Mitarte kalean, Pikarraituz taldeko feministak izango dira; Durana kalean –plaza barrenean–, Saharako emakumeak; eta Herriko Plazan, Erdu feminista taldeko kideak.

Hiru astean jardun dute gertatze lanetan, eta hainbat esalditan jaso dituzte egun horren bueltako aldarrikapenak. Gune bakoitzean eskaera horietako baten berri emango dute.

Ekitaldiari plazan emango diote bukaera, eta esaldiak han ere botako dituzte, musikak lagun eginda.

Zapiak eroateko eskaera

Manifestazioa hiru zutabetan banatuta egingo dute, distantziak zaintze aldera, eta zutabeetako kideak zapiekin lotuta joango dira. Horregatik, koloretako –ahal bada morea– zapi bana eroateko eskatu dute.

Gainera, emakume arrazializatuekin elkartasuna adierazteko ekitaldian beloarekin parte hartzeko dei egin dute. Horretarako, 17:30ean, beloa zelan jantzi erakutsiko dute Herriko Plazan.

Arkupeko ekitaldiak

Martxoaren 8arekin bat eginda Udalak ere protagonismoa eman gura izan die emakumeei hilabete guztian, Arkupen. Eta hasteko, Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak Matriuska antzezlana eroango dute Zaraia aretoko oholtzara, bihar, zapatua (19:00). Historiaren parte diren aurreko belaunaldietako emakume guztien gorputzak, izenak eta existentziak berreskuratu beharraren gainean hausnartzeko ikuskizuna izango da.

Ikus-entzunezkoari dagokionez, Cholitas dokumentala eskainiko dute hiru egubakoitzetan: 12an, 19an eta 26an. Amerikako mendi tontorrik garaienetakoa igo zuten Boliviako bost emakume indigenen istorioa jasotzen du horrek.

Eta gaur, hilak 5, Maria Antonia Ugarte Garai arrasatearrak egindako margolanak –olioak, pastelak eta akuarelak– jarriko dituzte ikusgai erakusketa aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak