Herritarren nahiak jakin guran daude Loramendin

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ots. 26a, 18:27

Ainhoa Sanchez Loramendi elkarteko dinamizatzaile berria da, eta, lantaldean osatutako proiektu berriak esku artean dituzten arren, galdetegi bat osatu dute herritarren nahiak jakiteko eta horien interesen arabera ekintzak antolatzeko.

Ainhoa Sanchez aretxabaletarra izango da hemendik aurrera Loramendi elkarteko dinamizatzailea. Urtarrileko azken astean orain arte kargu hori izan duen Eñaut Zubizarretarekin eskualdatzea egin, eta otsailean burubelarri hasi du bere jarduna, nahiz-eta Loramendiko langilea izandakoa den eta ezagutzen duen bertako dinamika

Aretxabaletako euskararen, kulturaren eta aisiaren gaineko proiektuak dinamizatzeko lanetan arituko da Sanchez, eta bere asmoa herritarrengana gehiago gerturatzea dela adierazi du: "Hori izan da lehenengo lana. Gauza berriak egitea abiapuntu izanda, herritarrei zuzenean galdetu diegu zer nahi duten. Bazkideak erdigunean jarrita, bazkideak eta herriko jendea; eta euren ahotsa eta iritzia entzun nahi dugu. Galdetegi bat osatu dugu horretarako, eta dagoeneko jaso ditugu zenbait iritzi eta proposamen ezberdin".

PROIEKTU BERRIAK OSATZEKO ETA AURRERA ATERATZEKO GALDETEGIA OSATU DUTE LORAMENDIKOEK

Plangintza osatzeko galdeketa

Hasiera batean, galdetegiaren zabalkundea sare sozialetatik egin dute; Whatsappez, Facebookez eta Instagramez, baina herritarrak animatu dituzte eskaera, proposamen edo bestelakorik egin nahi duena Loramendi elkarteko lokalera gerturatzeko. Bertan, herritar orok ateak zabalik izango dituela nabarmendu dute. [Galdetegia]

Ataria libre, erakusketetarako

Loramendiren bulegoa udaletxe zaharrean dago, eta iaz, eraikineko ataria atondu zuten, bertan, batez ere, kultura ekintzak egiteko. Kontzertuak, ipuin kontaketak, hitzaldiak... egin dituzte, eta orain, herriko artistengana zuzendu dira; kasu honetan, norbaitek erakusketa bat jarri nahiko balu, txokoa erabiltzeko dagoela adierazteko: "Eremua aprobetxatze aldera, erakusketarako dei egin dugu. Oraindik jarriak ditugu, esaterako, Idoia Elexpuruk ekarritako koadro batzuk. Egoerak uzten digun arabera, erakusketetatik abiatu eta kultura eskaintza zabalagoa antolatzea gustatuko litzaiguke; ea posible den. Ideiak baditugu, eta saiatuko gara gauza berriak aurrera ateratzen; betiere, euskara oinarritzat hartuta".

Lantaldearen garrantzi handia

Loramendi osatzen duten langileek duten lanerako prestutasuna ere nabarmendu gura izan du Sanchezek: "Lantaldean gauzak antolatzeko moduarekin jarraituko dugu. Lanerako prestutasuna izatea funtsezkoa da, eta langileekin batera herritarren bultzada ere funtsezkoa izango zaigu proiektu berriak aurrera ateratzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak