Dagoeneko badu 2021erako aurrekontua Aretxabaletako Udalak: 12.551.692 euro –iazkoarekin alderatuta, %24,4 handiagoa–; eta horietatik 2.888.248 euro inbertsioetarako izango dira. Horretarako, mailegua eskatzea erabaki du Udal Gobernuak: 2.734.639 eurokoa, hain zuzen ere. "Agindutako bi proiektu garrantzitsuri heltzeko izango da. Eta agintaldi bukaerarako likidatuta egon daitekeela uste dugu, nahikoa genera daitekeelako", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak, eta gaineratu zuhurrak izan direla. Era berean, pandemia egoerako "krisi sasoia" bizi arren murrizketarik ez egiten ahalegindu dira: "Sarrerak jaitsi egin dira, bai, baina saiatu gara eusten bai dirulaguntzei bai gastuei".
Lan garrantzitsuak
Bi inbertsio garrantzitsu horiek hauek dira: Santa Kurtz kaleko Hornidura eta Saneamendu Plan Berezia eta komentuko lanak. "Besteak beste, Basotxo erretiratuen elkarteari lekua egin behar diogu. Izan ere, orain dauden eraikinean osasun etxea egiteko lanak abiatuko ditu Osakidetzak, eta irailean has daitezkeela adierazi digute. Horiek egindakoan zerbitzu aldetik asko irabaziko dugu, eta garrantzitsuak izango dira biak".
Beste lan batzuetarako ere aurreikusi dituzte inbertsioak: "Kurtzebarri eskolako Haur Hezkuntzako gelak berritu egin behar dira, eta hori Jaurlaritzaren laguntza batzuekin dago lotuta". Horrez gain, beste urbanizatze lan batzuk (40.000 euro) ere aurreikusi dituzte, eta bide publikoak mantentzeko lanak ere bai (30.000 euro). Merkataritza sustatzeko 25.000 euro gorde dituzte eta ostalaritzako lokaletan terrazak jartzeko laguntzetarako, 90.000 euro. Gainera, Plan Orokorra (HAPO) definitzeko prozesurako 72.270 euro bideratu dituzte. Diru-sarrerei jarraipena egingo dietela gaineratu zuen alkateak: "Beste proiektu batzuk abiarazteko gaitasuna izanez gero, horiei heltzeko gertu gaude".
EH Bildu, prozedurarekin ados ez
EH Bilduk abstentziora jo zuen. Aurrekontu itxia dela eta ekarpenak egiteko marjina txikia duela adierazi zuen. Bereziki ez zen bat etorri prozedurarekin. "Gero eta gehiago nabaritzen da gurekin kontatu gabeko bideari ekin diotela. Gure beharra ez dutela agerian geratu da, eta gehiengo absolutua baliatzen dabiltza", adierazi zuen Ion Albizu bozeramaileak.
Ekarpen "xumeak eta egingarriak" egin dituztela gaineratu zuen: laguntza psikologikoa –alderdien ekarpenetatik 10.000 euro hara bideratuta–, eguzkiplakak jartzea kiroldegian eta pilotalekuan eta herriko hainbat ibilbide hobetzea. Emendakinek ez zuten aurrera egin, baina horietako batzuk onartu egin zituen Udal Gobernuak, eta aurrekontuan lekua egin, Albizuk adierazitako legez: "Aurrera egin dute kiroldegian eguzkiplakak jartzeak eta paseorako hainbat bide konpontzeak; tartean, Santutxu eta Lausitta arteko behin-behineko bat, nahiz eta airean geratu hainbat kontu".
Etxez etxeko zerbitzuaren lizitazioa
Aurrekontuan pisu handia duen sailetako bat dira Gizarte Zerbitzuak, eta, horren barruan, etxez etxeko zerbitzua. Hain zuzen, ezohiko osoko bilkuran onartu zuten zerbitzu horren lizitazioa, Udal Gobernuaren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Karmele Uribarri Ongizate Saileko zinegotzia pozik agertu zen onartutakoarekin, "gaia korapilatsua" izan dela iritzitza: "Pandemiaren ondorioz, eta krisi sasoi honetan, gero eta erabiltzaile gehiago ditu. Horri erantzuteko Udalak esfortzu handia egin du; zerbitzuaren prezioa igo egin du eta partida hazi egin da".
Udalarendako zerbitzurik garrantzitsuenetakoa dela gaineratu zuen, eta, horregatik, hori egonkortzearen alde egin dutela: "Kalitatezko zerbitzua izan dadin gura dugu, orain arte moduan. Bestetik, hainbat gatazka izan dira eta langileen baldintzak bermatu gura genituen". Hala, 25 eurotan zehaztu dute orduaren prezioa –BEZarekin, 26 euro– eta, behin hori ezarrita, enpresaren eta etxez etxeko zerbitzua ematen duten langileen artean hitzarmena sinatzea lortu da.
EH Bildu ez zen bat etorri. "Prezioa igotzearen alde gaudela esan dugu hasieratik, horrek dakarrelako langileen lan baldintzak hobetzea. Baina desadostasuna etorri da prezioa ezartzeko kudeaketarekin. Zerbitzuaren kostua jakiteko kalkulu bat egin behar da eta guk uste dugu ez dela egin", azaldu zuen Irati Pagoaga zinegotziak.
Aurrekontuaren gaineko balorazioak
Unai Elkoro, alkatea: "Azken urteetako inbertsio mailarik altuena planteatu dugu"
"2021eko aurrekontuak aurrera atera ditugu. Asmo handiko aurrekontuak dira. Aurreko urteko aurrekontuekin alderatuz, ia %25 handiagoak.
Nahiz eta Udalak izango dituen diru sarrerak iazko aurreikusiak baino txikiagoak izan, zorpetzea erabaki dugu, bi helburu nagusirekin: lehena, oinarrizko zerbitzuak mantendu edo indartzea; eta, bestetik, agintaldi honetarako agindutako inbertsioak aurrera atera ahal izatea.
Zorpetze mailari dagokionez, esan beharra daukagu ondo neurtu dugula, eta, aurreikuspenak betez gero, eta zuhurrak izan gara, agintaldi honetan sortutako sarrerekin aurre egiteko gai izango gara.
Nabarmendu beharra dago azken urteetako inbertsio mailarik altuena planteatu dugula, ia 2,9 milioi euro. Santa Kurtzeko PEASa, komentuaren eraberritzea eta Kurtzebarri eskolako obrak dira nagusiak. Ongizate arloan, azpimarratu beharra dago etxez etxeko laguntza zerbitzuan aurrekontua bikoiztu baino gehiago egiten dela.
Aurtengo ekitaldian ere pandemia nagusi izango dugu, eta hurbiletik zainduko dugu egoera ekonomikoa, honek ahalbidetzen duen heinean inbertsio berriei ekiteko".
Ion Albizu, EH Bilduren bozeramailea: "Bakarrik nahi badute aurrera egin, haiena izango da ardura ere"
"Ohikoa dena, aurten are gehiago, Udal Gobernuak aurkeztu zigun proiektuan argi eta garbi ikusten zen gure parte hartzea ez zela beharrezkoa. Ez zegoen negoziatzeko marjinarik.
Gehiengo absolutuen ohiko eskema indartu egin dute eta guk ezin dugu egiteko modu hori babestu. Herriak behar dituen inbertsioek konpartituak izan behar dute, mundu guztiak argi edukita hurrengo urteetan lehentasunak zeintzuk izango diren, zerk itxoin beharko duen, zer ez den egingo eta zergatik. Gobernantza parte-hartzaile ereduan lan eginda, sortu ahal diren gatazkak arindu egingo lirateke.
Bestela, bakarrik nahi badute aurrera egin, haiena izango da ere ardura eta erantzukizuna. Gure ekarpenak xumeak izan dira, testuinguruak ez zuelako gehiagorako ematen. Dena den, urteak askotarako emango duela uste dugu, eta lehentasun batzuk egokitu egin beharko dira".