Beharrean daudenek bizi dituztenak, agerian

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 12a, 15:44

Zu bezalako norbait erakusketa dago ikusgai Arkupen otsailean; Aretxabaletako Caritas taldera gerturatutako herritarrengandik jasotako egoeren berri ematea du horrek helburu, eta, era berean, hausnarketa sustatzea.

Kanpotik etorritako familiek dituzten zailtasunak zein bertakoen beharrak jaso dituzte hainbat paneletan Zu bezalako norbait erakusketan. Otsail osoan egongo da ikusgai, Arkupeko erakusketa aretoan, eta herritarren artean hausnarketa sustatzea gurako lukete.

Errolda eta zaintza

Aretxabaletako Caritasek herritar askori egin die harrera azken urteetan; batzuk bertan jaiotakoak dira eta beste batzuk kanpotik etorritakoak, legezko paperak dituztenak zein gabeak. "Oso gertuan ditugun herritarrak ondo bizi direla pentsatu arren, askotan, ez da horrela. Era berean, kanpotik lan bila datozelako edozein baldintza onartu behar dituztela uste izaten da", adierazi du Lara Garcia kideak.

Erroldatzeko zailtasunak izaten dituzte hainbatek: "Gertatu ohi da pertsona batek etxebizitza errentan hartu gura izatea baina maizterrak ez gura izatea etxe horretan errolda dadin. Ondorioz, ezin du lanik topatu, osasun zerbitzurik jaso edo dirulaguntza publikorik eskatu. Beste batzuetan, ostera, erroldatzea onartzen du maizterrak, baina diruaren truke. Legezko kontraturik egin gura ez duten ugazabak ere badaude".

Zaintza da hausnarketarako beste gai bat: "Zaintzaileen baldintzak ez dira onak izaten, orokorrean, eta kanpotik etorritakoenak, are eta okerragoak. Zaintzaileak hartzen dituzten familia askok uste dute paperik ez izateagatik hainbat onura ez dituztela merezi: soldata duina, atseden hartzeko egunak…".

Iaz, "lan handia"

Pandemiak familia askoren egoera okertu zuen iaz, eta asko izan ziren Caritasera gerturatutakoak. "Bereziki, ostalaritzan lan egiten duten latinoamerikarrak, egun batetik bestera inongo diru sarrerarik gabe geratu zirenak", dio Paloma Martinez kideak. Konfinamenduan, gainera, eskolako jantoki gabe geratu ziren familiak, eta gastu horri aurre egin ezinik: "Behar hori asetzeko, astero-astero banaketa bereziak egin genituen".

Urte "zail" hartan albiste onik ere izan zuten Caritasen; herriko lantaldea indartu egin zen, bi lagun izatetik laura pasatuta: "Begi gehiagorekin errealitate gehiagori erreparatzen diogu, ikuspegi ezberdinarekin, gainera, eta proiektu gehiagori heltzeko moduan gaude". Era berean, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harreman estuan dihardute lanean: "Informazioa trukatzen dugu, baita jendea hara bideratu ere, laguntzak jaso ditzaten".

Proiektu berriak esku artean

Urte berriak ez du ekarri aldaketarik, eta beharrek "bere horretan" jarraitzen dute. Horiez gain, beste behar batzuk ere atzeman dituzte, "oinarrizkotzat hartzen ez" direnak, sarritan. "Umeei eragiten diete, eta dira errefortzu-eskolak, udalekuak eta eskolaz kanpoko ekintzak –musika, dantza, kirola… –, besteak beste. Ume guztiek izan beharko lukete parte hartzeko aukera, garapen pertsonalerako zein harremanetarako direlako onuragarriak", dio Martinezek. Hori, baina, ezin dela mugatu Caritasera hurbiltzen diren familietara uste du: "Beste batzuk ere badaudelako horren beharrean. Pentsatzen gabiltza zelan bideratu laguntza hori, eta ekarpenak ondoetorriak izango dira". Bestetik, enplegua topatzeko ikasketak behar dituzten helduekin ere lan egin gura dute: "Horiei laguntzeko eta horiek motibatzeko jarraipena egitea garrantzitsua da. Horretarako jendea gurako genuke".

Laguntza eskatzeko zein emateko bidea zabalik du Caritasek: 688 76 80 84 eta caritas.aretxabaleta@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak