Gaur egun, Aretxabaletako kuartelean, mota zein estilo askotariko zenbait kultur talde daude, Kuartela Kultur Elkartearen barnean. Ia 100 sortzaile batzen dituen eraikina itxi beharra izan zen, pandemia egoerak gogor kolpatu zuen momentuan. Denbora jakin batez berriro irekita egon arren, azaroa ezkero itxita dago herriko sortzaileen eremua den kuartela. Orain, irekitzeko proposamena Udalari egin diote sortzaileek, baina Udalaren partetik ezezko erantzuna jaso dutela eta "proposamenari ezetza soilik ez, proposamena bera aztertzeari ezetza" eman diola adierazi dute.
"Profesionala" ez dena, itxita
"Joan den astean argitaratutako buletinarekin, talde profesionalei beraien kultur ekintzari berriz ekiteko baimena eman zitzaien. Kuarteleko talde gehienok, baina, profesional etiketa hori ez daukagun heinean, hots, ogasun-sistemari eta sistema burokratikoari era zuzen batean diru onurarik ematen ez diogun aldetik, gure lokalak giltzaz itxita mantendu beharko ditugu; gure sormenari mugak mantenduz", adierazi dute Kuartela Kultura Elkarteko kideek. Hala, neurri murriztaile hori dela eta, kezkatuta agertu dira, baina, era berean, "arduratsu, proposamen legal eta segurua" helarazi diotela Udalari adieraziz.
Udalari proposamena
Kuartela Kultura Elkartearen eta Udalaren artean nolabaiteko kontratu sinboliko bat gauzatzea proposatu zutela diote. "Inorentzat inongo kosturik izango ez lukeen hitzarmen bat. Udalari, Kuartela Kultur Elkartea bera kontratatzeko proposamena erakutsi genion. Kontratu horrek, legez, eraikina zabaltzea eta bertako kultur jardunari ekitea ahalbidetuko luke. Horren trukean, elkarteko taldeek astero, edo bi astean behin, herriarendako kultura ikuskizunak zein emanaldiak emateko konpromisoa hartuko lukete".
Honekin batera, hitzarmenarekin onura bat baino gehiago ekarriko dituztela sinisten dute elkartekideek; onura ekonomiko eta kulturala: "Udalak herriari kultur emanaldiak eskaintzen jarraitzeko aukera izango luke, inolako kosturik gabe. Horrela, kanpoko artista eta ikuskizunak ekartzeak dakartzan kostu altuak –begiratu besterik ez dago kanpoko artistetan gastatzen dena zenbatekoa den– aurreztu ahal izango lirateke, eta diru hori pandemiak egoera larrian utzi dituen sektoreek aldarrikatzen eta behar dituzten laguntzetara bideratu. Baina ezezkoa jaso dugu. Dekretuek kontrakoa esan arte, Udalak ez du kuartela irekitzeko esfortzurik egingo; beste era batera esanda, ez duela herriko kultura bultzatzeko inongo ahaleginik egingo. Jarrera hori, erantzun hori, utzikeriaren isla dela deritzogu. Herriko kulturarenganako beste utzikeriazko jarrera baten isla".
Legalki ez da posible
Ainhoa Cabero Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, aztertu dute Kuartela Kultura Elkartearen proposamena, baina, dekretuari jarraituz, ezinezkoa da kuartela erabiltzea. "Azken dekretuan adierazten den moduan, ezin dugu baimendu; soilik dantza taldeek dute erabiltzeko aukera. Proposamenari dagokionez, asko poztu ginen herriko sortzaileen asmoekin, eta, horren baitan, batu nintzen Kuartela Kultura Elkarteko bozeramaile batekin, eta idazkariarekin eta teknikariekin ere aztertu genuen, baina legalki ezin dugu baimendu beraien eskaera. Ez dago gure esku, eta ezin gara arriskatu, zerbait gertatuz gero Udalaren ardurapekoa delako".