Kultura propiorik gabeko herri bat?

Gaur egun, Aretxabaletako kuartelean, mota zein estilo ezberdinetako zenbait kultur talde gaude, Kuartela Kultur Elkartearen barnean. Ia 100 pertsonari ematen dio aukera kuartelak bere kultur ekintza, sorkuntza, artea, loratzen joateko eta maite duena aurrera eraman ahal izateko. Herriko kultura (musika, dantza, pintura, antzerkigintza, eskultura, serigrafia, eskulangintza…) errotzen eta sendotzen den toki garrantzitsu horietako bat da. 

COVID-19tik eratorritako pandemia egoerak gure herrialdea gogor kolpatu zuen momentuan, eraikina itxi egin behar izan zen, bertako erabiltzaileek beren kultur jarduna aurrera eramatea oztopatuz. Udan, berriro ere, hilabete batzuetan irekitzeko eta bertako sorkuntzari jarraitasuna emateko aukera izan baldin bazen ere, azarotik, lokalek itxita jarraitzen dute. Aurreko astean argitaratutako boletinarekin, talde "profesionalei" beraien kultur ekintzari berriz ekiteko baimena eman zitzaien. Kuarteleko talde gehienok baina, "profesional" etiketa hori ez daukagun heinean, hots, ogasun-sistemari eta sistema burokratikoari, era zuzen batean, diru onurarik ematen ez diogun aldetik, gure lokalak giltzaz itxita mantendu beharko ditugu; gure sormenari mugak mantendu beharko dizkiogu.

Neurri murriztaile hori dela eta, kezkatuta, baina era berean arduratsu, proposamen legal eta seguru bat helarazi genion Aretxabaletako Udalari, Kuartela Kultur Elkartearen izenean. Elkartearen eta udalaren artean, nolabaiteko kontratu "sinboliko" baten gauzatzea zen proposatu genuena. Inorentzat, inongo kosturik (0 €) izango ez lukeen hitzarmen bat. Udalari, Kuartela Kultur Elkartea bera kontratatzeko proposamena erakutsi genion. Kontratu horrek, legez, eraikina zabaltzea eta bertako kultur jardunari ekitea ahalbidetuko luke. Horren trukean, elkarteko taldeek astero, edo bi astean behin, herriarendako kultura ikuskizunak zein emanaldiak emateko konpromisoa hartuko lukete. 

Defendatzen dugu hitzarmen horrek onura bat baino gehiago ekarriko lituzkeela. Alde batetik, herriko kulturari eta herri sormenari izugarrizko bultzada emango lioke. Kultur egoera kinka larrian dagoen garai hauetan, herriko taldeek euren artea sortzen jarraitu ahal izango lukete; herriari bizitza ematen laguntzen duen artea, alegia. Gainera, udalak askotan arrandiatu izan duen herriko kulturaren aldeko apustu edo jarrera sendoa erakutsiko luke. Beste alde batetik, udalarentzat, herriarentzat, nolabaiteko onura ekonomiko eta kulturala ere ekarriko luke. Udalak herriari kultur emanaldiak eskaintzen jarraitzeko aukera izango luke, inolako kosturik jasan gabe. Horrela, kanpoko artista eta ikuskizunak ekartzeak dakartzan kostu altuak (begiratu besterik ez dago kanpoko artistetan gastatzen dena zenbatekoa den) aurreztu ahal izango lirateke, eta diru hori pandemiak egoera larrian utzi dituen sektoreek aldarrikatzen eta behar dituzten laguntzetara bideratu.

Labur esanda, herriak, orain egiten duen bezala, kulturaz gozatzen jarraitu ahal izango luke, herriko kulturaz, eta udalak dirua aurreztu pandemiaren eta sektore kaltetuen premiei aurre egin ahal izateko.

Alabaina, udalaren partetik ezezko erantzuna jaso dugu. Proposamenari ezetza soilik ez, proposamena bera aztertzeari ezetza, hain zuzen ere. Dekretuek kontrakoa esan arte, udalak ez du kuartela irekitzeko esfortzurik egingo; beste era batera esanda, ez duela herriko kultura bultzatzeko inongo ahaleginik egingo. Jarrera hori, erantzun hori, utzikeriaren isla dela deritzogu. Herriko kulturarenganako beste utzikeriazko jarrera baten isla. Nahiago ote du udalak asteroko emanaldietarako kanpoko artistak ekartzea, horrek dakartzan kostuak zenbatekoak diren ikusita? Berdin al zaio udalari herriko kultura hiltzen uztea? Zergatik ez du herriari, orokorrean eta arlo anitzetan, lagunduko liokeen proposamen bat aztertu nahi izan? 

Horrela jarraituz gero… Iritsiko da egun bat, non herriko kulturaz gozatzeko eskaintzarik egongo ez den. Iritsiko da egun bat, non herriko kultura talderik egongo ez den. Iritsiko da herri bat, non kultura propiorik edukiko ez duen. Iritsiko da herri bat, non herriko bizitzarik egongo ez den. Norena izango da errua orduan? 

Garai hauetan, inoiz baino gehiago, egin dezagun bat herritik herriarentzat. Kultura propiorik gabeko herria ez delako sekula herri izango. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak