Udal aurrekontu "itxia" izan arren hainbat ekarpen egin dizkio EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2021ko ots. 3a, 12:44

Aretxabaletako Udal gobernuak 2021erako zehaztu duen aurrekontua aurkeztu zuen orain dela bi aste eta hori aztertu ondoren, hainbat ekarpen egin gura izan dizkio EH Bilduk.  

Udal aurrekontua batetik COVID-19ak sortutako egoerak baldintzatzen duela adierazi dute eta bestetik, udalbatzako indar korrelazioak. "Balorazio sakona" ez dute egin gura izan –aurrekontua onartzeko hamabost egun barru egingo den osoko bilkurara utziaz–, baina aurreratu dute aurkeztutako proiektu nagusiak begi onez ikusi dituztela.

Aurrekontua negoziatzerako orduan, baina, EAJren gehiengoa nabaritu dela adierazi dute, "aurrekontu itxia" delako, eta gaineratu dute "marjina estu" horretan hainbat proposamen egin dituztela bi helburu aintzat hartuta: COVID-19ak sortutako egoera lazgarrienak arintzea eta etorkizuneko erronkei aurre egitea.

320.000 euroko kostua

Hiru multzotan banatu dituzte proposamenok; lehenengoari Aretxabaletak aurrera izena jarri diote eta bi ekintza plan zehaztu dituzte bertan. Batetik, talka plan bat proposatu dute. Urtean gerta daitezkeen egoerak aurreikusi eta horretarako diru-laguntzak, ekimenak eta barne baliabideak aurrez antolatuta izatea da helburua: "Bereziki baliabideak antolatzea du helburu, prest edukitzea erreminta ezberdinak eta momentuko beharren arabera diruz hornitzea", adierazi du Ion Albizu zinegotziak.

Eta bestetik, laguntza psikologikoari erreparatu gura izan diote: "Ekimen berritzailea dela uste dugu eta asmoa da laguntza psikologikoa ahalbideratzeko bonuak eta telefono bat martxan jartzea. Osasun mentalak duen garrantzia mahai gainean jarri nahi dugu". Horretarako 10.000 euroko funtsa sortzea proposatu dute "alderdi politikoek jasotzen duten ekarpenetatik hornituko dena".

Bigarren multzoan, eguzki plakak jartzeko inbertsioa egitea proposatu dute; 290.000 eurokoa hain zuzen ere. Kiroldegian eta pilotalekuan jarri gura dituzte plaka horiek eraikin publikoak hornitzeko: "Anbizio handiko inbertsioa da. Proiektu horren bitartez kontsumitzen dugun argindarraren zati handi bat sortuko genuke Aretxabaletan". Eta inbertsio hori kreditu baten bitartez ordaintzea proposatu diote Udal gobernuari.

Eta hirugarren multzoan herriaren bueltako ibilbideak egokitzea eta konpontzea proposatu dute. Batetik, behin behineko pista bat egitea GSR egoitzaren eta Santutxu artean –Deba ibaiaren beste aldean–, paseo zirkularrak egiteko herrian. Eta bestetik, Porrukotxarako ibilbidea eta Agarre baserritik Otala Zelaira dozenak konpontzea proposatu dute.

Herritarren ideiak, aurrerago

Bestetik, azaro inguruan aurrekontu parte-hartzaileen dinamika bultzatu zuten herritarren artean eta ideia asko jaso arren horiek aurrekontuan txertatzea zaila izango dela azaldu dute, "aurrekontuaren marjina oso txikia" delako. Dena den konpromisoa hartu gura izan dute udal kontuak ahalbideratzen duenean txertatzen saiatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak