Proiektu estrategikoak abiaraztea helburu

Hasier Larrea 2021ko urt. 21a, 16:38

Udal gobernuak 12.400.000 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du 2021erako, eta asmoen artean du komentuaren eta Santa Kurtz kalearen lanei ekitea; horretarako 2,5 milioi euroko kreditua eskatuko duela iragarri du.

Aurrekontu "errealista eta egungo egoerara egokitutakoa" dela adierazi du Udal Gobernuak, 12.400.000 eurokoa, hain zuzen ere; iazkoarekin alderatuta, %24ko igoera izango du. Unai Elkoro alkateak lau zinegotzik lagun eginda eman ditu horren gaineko xehetasunak, eta adierazi du oinarrizko zerbitzuei eusteaz gain gizarte-laguntzak indartzea eta kaltetuenei babesa ematea dutela helburu. Baina, bereziki, iaztik datozen bi proiektu estrategikori heldu gura diete: Santa Kurtz kaleko lanei eta mojen komentukoei. Otsailaren 11ko osoko bilkuran aurkeztuko dute aurrekontu hori.

Sarrerak jaitsi

Diru-sarrerei dagokienez, 9,9 milioi euro aurreikusi dituzte, 2020an jasotakoa baino 200.000 euro gutxiago –Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik 300.000 euro gutxiago jasoko dira–. Hortaz, aurrekontua osatu eta bi proiektu estrategikoei heltzeko kreditua eskatzeko asmoa dute; gehienez, 2,5 milioi eurokoa. "Horrekin eta 2020ko diruzaintzako gerakinarekin egingo diegu aurre bi proiektuei. Udan hasiko ditugu biak eta bi urterako izango dira", azaldu du alkateak.

Udalaren finantza egoera "ona" dela argitu gura izan du Elkorok: "2021ean kiroldegiaren kreditua likidatu egingo da. Hala, kredi-tu berria amortizatzeko moduan gaude, eta agintaldi honen bukaeran Udala zorrik gabe uztea da gure helburua".

Komenturako, 1,8 milioitik gora

Santa Kurtzeko Hornidura eta Saneamendu Plan Bereziarendako 2,3 milioi euro inguru aurreikusi dituzte, baina xehetasun batzuk ixteko dituztela aditzera eman du Xabi Otxoa zinegotziak. Horrekin batera, beste proposamen batzuk ere jaso dituzte Hirigintzako aurrekontuan, hala nola Bedarretako irisgarritasuna hobetzea, Kurtzebarri eskola berritzeko lehen faseari ekitea eta Arlutz kantxa eraberritzea.

Komentuari dagokionez, gizarte zentro bihurtzeko lehen faseari heldu gura diote aurten, eta, horretarako, aurrekontua 1,8 milioi eurotik gorakoa izango da. Lehen fase horretan, eraikinaren beheko solairuari ekingo diote, eta hor kokatuko dira honako hauek: Basotxo erretiratuen egoitza, estimulazio kognitiboko tailerrak eta erabilera askotariko gela kapera zaharrean.

Gizarte Zerbitzuek, ia 600.000 euro

Gizarte Zerbitzuetara 599.650 euro bideratu dituzte eta diru-kopururik handiena etxerik etxeko laguntza zerbitzuarendako izango dela iragarri du Karmele Uribarri zinegotziak: 425.000 euro, hain zuzen ere. Zerbitzua lizitaziora aterako dute eta aldaketa batzuk egingo dituzte: "Orduaren prezioa 25 eurora igoko da. Era berean, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren partida ekonomikoa indartzeko asmoa dugu, zerbitzu horren eskaria handitu egin delako".

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programarako 70.000 euro gordeko dituztela ere esan du.

Euskara suspertzeko elkarlana

Euskararen Plan Estrategikoaren barruan, UDArekin elkarlanean jarduteko asmoa agertu du Koldo Zubillaga zinegotziak, baita Auzoko egitasmoarekin ere. Gainera, merkataritzan euskararen erabilera suspertzeko lantalde bat sortzea da asmoa. Kirolari dagokionez, kiroldegiaren aurreko berdeguneari zein erabilera eman aztertuko dute eta trialsin gunea argiztatu, besteak beste. Kulturara, ostera, 622.780 euro bideratu dituzte. Ainhoa Cabero zinegotziak onartu zuen pandemiak asko mugatu duela jarduna, baina "kulturaren aldeko apustuari" eutsiko diotela.

Ostalaritzarako partida

Horiez gain, 90.000 euroko partida bat jaso dute aurrekontu proposamenean, ostalariek terrazetan egin beharreko inbertsioei laguntzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak