Gaztelekuaren zerbitzua orduka esleitu du Udalak eta hezitzaileak ez daude ados horrekin

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 22a, 08:59

Lehiaketara atera zuen zerbitzua Udalak abenduan, eta Txatxilipurdik jarraituko du izaten horren ardura. Hezitzaileak, baina, ez daude ados Udalak oinarrietan zehaztutakoarekin, eta elkarretaratzea deitu dute gaurko, hilak 22, "lan baldintza eta aisialdi duina" eskatzeko; 17:30ean izango da udaletxearen aurrealdean.

Txatxilipurdik jarraituko du izaten Atxagazte gaztelekuaren ardura. Abenduan deitutako lehiaketara bera bakarrik aurkeztu zen eta Udalak harekin sinatu du kontratua urtebeterako; luzagarria da.

Oraingoan, baina, badago aldaketa bat, eta da orduka esleitu izana zerbitzua. Horren arrazoia azaldu du Unai Elkoro alkateak: "Iazko martxo eta apiril artean izandako itxieraren ondorioz murrizketa asko izan genituen, eta, hori berriz etor daitekeela aurreikusita, zerbitzua orduka esleitzea erabaki dugu". Gaineratu du ez dela izango hori aplikatuko dioten zerbitzu bakarra: "Kiroldegiko jarduerekin ere hala egingo dugu, horiek ez badira ematen Udalak ez ditu ordainduko. Bestela, pentsa, urte osoan zerbitzua ematerik ez balego...". Beste langile asko ere "egoera bertsuan" daudela uste du: "Ez dut uste babes gutxiago dutenik gaztelekukoek. Administrazioarendako lan egiten baduzu, ordain dezala… Bukaerarik gabeko poltsa dela administrazioa pentsa daiteke…".

Egoitzatik harantzago

Atxagazteko hezitzaileak baina ez daude ados oinarrietan zehaztutakoarekin eta hala adierazi dute Alaitz Mendietak eta Ainhoa Azarolak. "Gaztelekuaren, lokal fisikoaren, itxiera etorriko balitz ezingo dugu gure zerbitzua beste era batera eman, kalean edo digitalki esaterako. Uste dugu zerbitzua ezin dela lau paretetara mugatu". Gaineratu dute zerbitzua beste era batera emateko trebakuntza saioak jasotzen ibili direla Foru Aldundiaren Gaztematika sarearen bitartez.

Mendietak eta Azarolak uste dute zerbitzua ez dela gastua, inbertsioa baizik: "Udalak beste mila gastu ditu; gure zerbitzuarekin, ostera, gazteei eskaintzen diegu aisialdia, balio batzuk, bidelagun batzuk…".

Egubakoitzetik domekara ematen diete zerbitzua 200 nerabe ingururi, 14 laguneko taldetan banatuta eta txandakatze sistemarekin. Hain zuzen ere hainbeste izanik, ordu eta erdi bakarrik egon daiteke talde bakoitza lokalean. Zerbitzuaren garrantzia erakusten duela horrek uste dute hezitzaileek eta horren aldeko apustua egin beharra agerian utzi: "Astebururo datoz eta datuek erakusten dute badutela gaztelekuaren beharra".

Elkarretaratzea egubakoitzean

Hezitzaileek kalera eroango dute euren aldarrikapena eta elkarretaratzea deitu dute gaurko, urtarrilak 22; udaletxearen aurrealdean egingo dute, 17:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak