Itzal Zubillaga, argazkilaria: "Guri buruzko informazio asko daukate eskuek"

Xabi Gorostidi 2020ko abe. 15a, 18:11

Eskuen hitzak izeneko argazki-erakusketa estreinatu zuen ostegunean, Aretxabaletako Arkupe aretoan; argazkilaritza ikasketak bukatu berri ditu, eta hasi da jada lehiaketak irabazten.

Aretxabaletan bizi den 20 urteko artista gatzagarra da Itzal Zubillaga, eta, Gasteizen erakusketa estreinatu ostean, Aretxabaletara ekarri du.

Nolatan eskuei buruzko erakusketa?

Txiki-txikitatik eduki dut eskuekiko obsesio bat. Benetan uste dut pertsonak identifikatzeko elementu esanguratsuak direla. Hala, nire inguruko pertsonen eskuak erretratatu ditut, bakoitzaren atzean dagoen istorioa eskuen bitartez kontatzeko. Ikusleak ez daki ezer eurei buruz, eta aurreiritziekin jokatzeko modu bat ere bada.

Zer ikusiko du bertara doanak?

Guztira, hamalau koadro dira, eta denek dituzte eskuen argazkiak, hondo beltzarekin. Ikusleak ez du pistarik izango esku horiek norenak diren jakiteko: pilotari batenak, etxekoandre batenak, mekanikari batenak... Azken finean, denok dugu gure inguruan antzerako eskuak dituen norbait, eta bakoitzak bilatu beharko ditu erreferentziak.

"Hasieran, oso garbi neukan zer egin nahi nuen; baina Arkupen ikusiko denak ez du ideia harekin zerikusirik".

Nola sortu zaizu zure lana Aretxabaletan erakusteko aukera?

Gazte Klik-klak lehiaketako irabazle izan nintzen Unify lanarekin, eta TetraPack erakusketan parte hartu nuen proiektu honekin: Eskuen hitzak. Ostean, Gasteizko Amarika aretoan lana aurkezteko aukera izan dut; eta hortik, Aretxabaletara.

Laguntzarik izan duzu?

Lehiaketa irabazi ostean, tutore bat jarri zidaten lan hau garatzeko: Jorge Salvador.

Asko ikasten ari zara bere alboan?

Batez ere, bi gauza irakatsi dizkit: pazientzia izaten jakitea eta hasierako ideiari aldaketak egiteko prestutasuna edukitzea. Askotan esan dit: 'Itzal, hankak lurrera'. Hasieran, oso garbi neukan zer egin nahi nuen; baina Arkupen ikusiko denak ez du ideia harekin zerikusirik.

Zertan aldatu da, batez ere?

Hasieran, jendea erretratatu nahi nuen, hondoan euren ofizioei buruzko pistak zituztela. Baina Jorgeri esker, ideia sinplifikatzen joan naiz, eskuetara mugatu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak