Euskarak eta kulturak bat eginda, egitaraua prest

Imanol Beloki Unamuno 2020ko aza. 30a, 16:15

Aretxabaletako Herriko Plazan Euskaraldiari hasiera emateko atera zuten argazki erraldoia. Argazkia: Jon Ander Alberdi

Euskaraldia hasita, abenduaren 4arte ariketa geratuko ez den moduan, ekintza kulturalak ere ez dira geldi egongo Aretxabaletan. Izan ere, liburu aurkezpen bat, antzerkia eta herriko sortzaile gazteen solasaldia antolatu dituzte egunotarako.

Azaroaren 20an hasiera aparta eman zioten herritarrek hamabost eguneko ariketari. Horren adierazle da, 1.166 herritar ari direla parte hartzen Aretxabaletan Euskaraldian.

Martitzenean norbanakoen izen-emateak amaituta, ariketa egiten ari dira herritarrak, eta gogorik ez dela falta adierazi du Eñaut Zubizarretak, Aretxabaletako Euskaraldiko koordinatzaileak. Eta "martxa onean" hasi direla gaineratu du. Hala, egunotarako zenbait hitzordu ere antolatu dituzte.

Aranaren aurkezpena, atzeratu

Abenduaren 4ra bitartean, Euskaraldiaren bueltan zenbait hitzordu antolatu dituzte Aretxabaletako Euskaraldiko batzordekideek. Horietako bat gaur, egubakoitza, Arkupe kultura etxean egitekoa zena, esaterako. Oihana Arana eskoriatzarrak Portuak liburuaren aurkezpena egin behar zuen, baina atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. "Guztiz lotu barik dago hitzordua, baina abenduaren 18an egitea da gure asmoa. Aranaren baiezkoa badugu, baina Udalarekin zehaztea falta zaigu, ez dut uste arazorik izango denik. Dena ondo bidean, abenduaren 18an, 19:00etan, Arkupen izango da aurkezpena".

'Erradikalak ginen' antzerkia

Horrekin batera, abenduaren 1ean, Erradikalak ginen antzerkia ikusteko aukera izango da Arkupen, 19:00etan. Antzezlana Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal ipuin kontalari eta aktoreak eskainiko dute, eta "neska gazte promesa" etiketa, zahartzea, gorputzaren aldaketak, sexualitatea, merkatu patriarkala eta mota horretako gaiak izango dituzte hizpide. Sarrerak 5 euro balio du, eta Zaraia aretoko sarreran erosi ahal izango dira, egunean bertan, saioaren aurretik.

Herriko sortzaileekin solasaldia

Abenduaren 3an, berriz, Euskararen Eguna dela aprobetxatuz, herriko musikari gazteak batuko dira mahai-ingurua egiteko. Gaur egun euskal kulturak sufritzen dituen zenbait gai aztertuko dituzte.

"Udal webgunetik streaming bidez eskainiko dugu mahaiingurua, 19:00etan hasita. Saioa gidatzen Aitor Zuazabeitia izango da, eta berarekin solasean Aitor Ruiz de Austri, Josu Irure eta Ixak Sarasua izango dira. Euskararen egoera musikan, euskal eszenaren egoera, euskarak jendearengana iristeko duen balioa, kontsumo taldeak, herriko sortzaileen egoera... Horietaz berba egingo dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak