Ibilgailuen neurgailua jarri dute Otalora kalean

Mirari Altube Arrese 2020ko aza. 20a, 12:00

Aforatzaile bat jarri du Udalak Otalora kalean erdigunetik zirkulatzen duten ibilgailuen portaera aztertzeko. Sistema horri esker, trafikoaren ezaugarriak ezagutu ahal izango dira, ibilgailu kopurua eta mota zehaztuz –autoak, kamioiak, motorrak eta bizikletak–, eta baita zirkulazioaren bataz besteko abiadura ere.

"Udaletxeko balkoian jarri dugu gailua lehenengo probak egiteko", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak eta gaineratu: "Datu asko emango dizkigu. Hala, zirkulazioaren gaineko erabakiak hartu behar ditugunean datuetan oinarrituta izango dira".

Kopurua eta abiadura neurtu

Neurgailua astelehenetik domekara bitartean egongo da martxan, 24 orduz, trafiko gehien duten egunak eta orduak ere ezagutzeko. Udaletik jakinarazi dute aforatzaileak ez duela matrikula-irakurgailurik, beraz, ez direla ibilgailuak identifikatzen. Helburua trafikoaren parametroak neurtzeko datuak biltzea dela zehaztu dute.

Lehen neurketa Otalora kalean egin ostean, Udalak aforatzailea beste toki batzuetan jarri gura du: "Abiadura neurtzea ere interesgarria izango da. Kexak izan ditugu horren harira, eta horrela jakingo dugu gehiegizko abiadurarekin gidatzen den edo ez", dio alkateak.

Aforatzailea udaletxeko balkoian jarrita.

HAPOaren prozesu barruan

Udaleko Plangintzako zinegotzi den Ion Albizuk azaldu du neurketaren helburua: "Herriko trafikoaren portaeraren argazki orokor bat izatea, kaleetan jasotako datuekin mapa bat egitea". Datorren urtean hasiko direla neurketa zehatzak egiten gaineratu du: "Egia da egoera honetan jasoko ditugun datuak zenbateko fidagarriak diren ez dakigula. Domekan, esaterako, 23:00etatik 05:00etara bitartean auto bakarra pasatu zen Otaloratik".

Neurketa hau Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) egiten hasi aurreko prozesuaren barruan sartzen da. Lurzoruaren erabilerak arautzeaz gain, hiri-hazkundearen eredua ezarriko duen udal araudia da HAPO. Lehen pauso moduan, Plan Orokorrak diagnostiko faseari ekingo dio, eta, besteak beste, udalerri barruko mugikortasuna aztertuko dute.

HAPOaren lehen fase hori agintaldi honetan bukatzea da asmoa, eta urtea uste bezalakoa ez izan arren, hasieran ezarritako epeak beteko dituztela uste du Albizuk. Horren barruan dagoen parte-hartze prozesua moldatu egin beharko dutela egoerara ere gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak