Aretxabaletarrekin bat eginez, UDAk ere eman du izena erakunde moduan Euskaraldian. Izan ere, UDAk bere balioen artean du jasota euskararen lanketa, eta Euskaraldiak proposatzen duen ariketa oso egoki datorkiola adierazi dute kirol elkarteko ordezkariek. Hain zuzen ere, UDAri bere jarduerak aukera ugari ematen dizkio eragile izateko euskararen erabileran, eta Euskaraldiaren bitartez hauek identifikatu ditu; hala, aurrerantzean horien erabilera sendotzeko konpromisoa hartu du.
UDAren ariguneak
Modu horretara, bost barne arigune eta hiru kanpo arigune ditu identifikatuta UDAk. "Arigune hauen bitartez, erakunde moduan egiten den lanketa honek kirolarien eta gurasoen artean eragin zuzena du, haiek ere arigune hauen parte baitira. Horren harira, esan beharra dago txalotzekoa dela bereziki gurasoen aldetik jartzen den borondatea. Izan ere, UDArekin duten komunikazioaren oinarria euskarazkoa izatearen aldekoa da, bakoitzaren gaitasunak ahalbidetzen duen neurrian. Bestetik, nabarmentzekoa da entrenatzaileek ere agertzen duten jarrera ezin hobea. Gainera, Euskaraldiak dakarren lanketarekin batera, UDAk badauka esku artean entrenatzaileak oinarri hartzen dituen proiektu paralelo bat Aretxabaletako Udalarekin batera. Proiektu honetan, Udalaren laguntzaz, kirol jardueran zehar euskararen erabilera sustatzeko balioko duten dinamika ezberdinen sorrera ari gara jorratzen, entrenatzaileak oinarri hartuta", adierazi du Ainara Mugak, UDA kirol elkarteko kudeatzaileak.
Norbanako izateko eskaera
Euskaraldiaren ariketa hasiko da azaroaren 20an, eta eguna iritsi aurretik oraindik norbaitek ez balu izenik eman, animatzeko dei ere egin nahi izan dute UDA elkarteko kideek. "Belarriprest zein ahobizi, guztien beharra dugu euskara indartzen jarraitzeko. Hori horrela, UDAren webgunean ere jarri dugu Euskaraldian izena emateko esteka. Beraz, gura duena animatu dadila".
Azken txanpan sartuta
Eñaut Zubizarreta Aretxabaletako Euskaraldiko koordinatzailea "pozik" dago herritarrek Euskaraldiko bigarren edizio honetara begira hartu duten jarrerarekin, gorabeherak tarteko: "Kalean ez da giro, eta ariketa aurretiko beroketa lanetan, izen-emateak eta antolatutako ekintzak hotzagoak izaten ari dira. Orokorrean, Euskal Herri osoan motelago doa egitasmo guztia. Hala ere, esponentzialki bada ere, ari gara poliki-poliki aurrera egiten, eta aretxabaletarrak gogotsu ikusten ditut. Eguazteneko datuen arabera, 886 norbanakok eman dute izena; 774 ahobizi-k eta 112 belarriprest-ek. Hala, azaroaren 20ra bitartean, izena emateko azken astean sartuko gara eta egun hauetan gorakada izan nahiko genuke. Ea, bada, horrela den".