Izen-emate digitala, paperaren kaltetan

Hasier Larrea 2020ko urr. 19a, 11:01

Ariguneak sortzeko konpromisoa hartutako herriko hainbat elkarte, enpresa, zerbitzu eta ikastetxetako ordezkari, uztailean.

Euskaraldian parte hartzeko QR kode bidezko sistema lehenetsiko da aurten, kartelen bidez deskargatu ahalko dena. 523 parte-hartzailek eta 67 entitatek eman dute izena dagoeneko. Momentuz, 107 kanpo arigune eta 78 barne arigune sortu dira

Aretxabaletarrak hasi dira Euskaraldirako norbere aletxoa jartzen, eta egunetik egunera goranzko joera darama partehartzaile kopuruak. Antolatzaileek buru-belarri dihardute 2020ko edizio atipiko honi forma ematen, ezohiko egoerak ezohiko formulak eskatzen dituelako.

Gauzak horrela, aurten, paperezko izen-emate bidez baino gehiago, modu digitalean apuntatzea sustatuko da, nahiz eta mahaiak ere ipiniko dituzten kaleetan, egun batzuetan bada ere. Gainera, Loramendi Elkartearen bulegoan izena emateko aukera egongo da asteazkenero, 18:00etatik 19:30era.

Interesatuek online formula bat baino gehiago edukiko dute Euskaraldian izena emateko: 2018an bezala, Izenematea.euskaraldia.eus webgunera jo dezakete ahobizi edo belarriprest izan nahi duten adieraztera. Horretaz aparte, QR kodeak erakutsiko dituzten kartelak egongo dira herriko atarteetan. Herritarrei ez zaie ezezagun suertatuko formula hori; azken hilabeteetan dezente gizarteratu dira sarerako sarbide horiek; jatetxeetan, batik bat. Azkenik, mugikorrerako aplikazioa ere eskuragarri dago jada, izena emateko ez ezik, hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen dinamikaren inguruko informazioa bertatik bertara jasotzeko.

Euskaraldiko Batzordeak kontuan hartuko du berrikuntza digital horrek sor ditzakeen zalantzak; horregatik, arduradunek pausoz pauso azalduko diete batzordekideei izen-ematearen prozedura, eta herritar orori zuzendutako tutoriala egitea ere ez dute baztertzen.

Bestalde, rolak identifikatzeko txapak azaroaren 16tik 19ra bitartean jasoko dira Loramendiren bulegoan bertan.

Ariketa sozial erraldoi hau azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean garatuko da, eta, entitateek eskaini dituzten arigune kopurua aintzat hartuta, euskarak Aretxabaletako toki gehientsuenetan tokia izango duela ziurta daitekeela dirudi.

Kultura jarduerak ere bai

Euskaraldi Kulturala dinamikaren baitan, Bi urte, lau hilabete eta egun bat dokumentala proiektatuko da urriaren 24an, zapatua, Arkupe-Zaraia aretoan. Lander Garrok zuzendu duen obrak 90eko hamarkadako Iruñean intsumisoek bizitakoa mahai-gaineratzen du. Zuzendaria bera presente egongo da aretoan; gaiari buruzko solasaldia ere egongo da, beraz. Ikusentzunezkoa 19:00etan hasiko den arren, ordu erdi lehenago joatea gomendatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak