Gune iraunkorra gura du Aretxabaletan EH Bilduk kultur ekitaldientzat

Mirari Altube Arrese 2020ko urr. 9a, 13:07

Azken hilabeteetako kultura egitarauaren gaineko balorazio kritikoa egin dute EH Bilduko ordezkariek, eta horri bultzada emateko beharra dagoela ondorioztatu; horretarako, herrian gune finko bat sortzea proposatu dute karpa bat jarrita.

Udalak antolatutako kultura egitarauaren gaineko balorazioa egin du EH Bilduk. Azken hilabeteetako egoera ez dela ohikoa eta ezin direla balorazioak egin aurreko eskemak erabilita onartu dute Ion Albizu eta Jasone Garziaetxabe zinegotziek. Edozelan ere, balorazioa ez dela ona adierazi dute, eta konfinamendu osteko hilabeteetan egindakoari erreparatu diote hori esateko.

Uztailaren 29an izandako antzezlanetik urriaren 4a bitartean ez dela izan beste ekitaldirik diote: "Abuztuaren 15ean Milagroko bandaren emanaldia, besterik ez". Kultura batzordeei dagokienez, hiru bakarrik egin direla urtea hasi zenetik aipatu dute. Eta kultura ekintzak egiteko aurrekontutik 101.247 euro gastatu direla aurten diote; iaz, ostera, data berean, 332.282 euro: "Eta aurrekontuko egokitzapenean horrela jasota ez geratu arren, murrizketak egon dira beste partida batzuetan".

Egoerak, herritarrek eta kultura sektoreak behar duten kudeaketarik ez dela egin uste dute, eta irizpide nagusia "dirua aurreztea" izan dela gaineratu: "Eta dirua egon, badago".

Karpa Kurtzebarriko kantxan

Hurrengo hilabeteetarako egitarau bat aurkeztu izanarekin "poztu" egin direla aitortu dute. Dena den, "bultzada bat" behar duela kulturak diote eta horregatik, proposamena aurkeztu zuten irailean egindako Kultura Batzordean. "Horren helburua da kultura zabaltzea herritar eta eragile guztiei: gure herriak duen aberastasunari lekutxo bat egiteko asmoz, kalea elkargune bihurtuz. Eragile batzuekin egon gara eta begi onez ikusi dute", adierazi du Albizuk.

Horretarako, gune iraunkor bat sortzea proposatu dute; hau da, karpa finko bat jartzea gutxieneko baliabideekin hornituta. Karparen kokalekua ere aipatu dute: Kurtzebarri eskolako kantxa. "Herri erdian egotea, babeslekua izatea eta, bereziki, eskolari gune estali bat eskaintzea izan dira arrazoiak". Diru funts bat sortzea ere gura dute, ekintzak egiten laguntzeko baliabideei bideratuta. Proposamena aztertzekotan geratu zela Kultura Batzordea gaineratu du Albizuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak