Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen Euskaraldia badator, bigarrenez; azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da. Oraingoan, ariguneak dira berritasun: entitateetan, elkarteetan zein enpresetan euskaraz jarduteko sortutako taldeak, hain zuzen ere. Horretarako, aurretik eman behar da izena, eta irailaren 27an bukatuko da epea.
Herriko Euskaraldiaren batzordeak azken egunotan eman gura dio bultzada izen-emate prozesuari: "Dagoeneko gonbidapen asko banatu ditugu eta orain izenak jasotzea da asmoa. Ia 40 inguru animatzen diren ariguneak sortzera", adierazi du EÒaut Zubizarretak, batzordeko dinamizatzaileak.
Enpresa handiak zein txikiak
Enpresa handiek –Copreci eta Mondragon Assembly, esaterako–, saltoki txikiek –Kilima eta Kalebarren dendak, adibidez–, ostalaritza zerbitzuek –Arlutz eta Haizea– zein elkarteek –Loramendi– hartu dute konpromisoa ariguneak sortzeko. Kasu batzuetan, barne-ariguneak izango dira; hau da, enpresa edo elkarte barruan euskaraz jarduteko guneak. Eta, beste batzuetan, kanpo-ariguneak, herritarrekin jarduteko espazioak; hala, une oro euskaraz artatuak izateko bermea izango dute aretxabaletarrek.
Arigune horietako kideek zein gainerako herritarrek rolak aukeratu beharko dituzte, orain dela bi urte egindako legez; belarriprest-ak eta ahobizi-ak izango dira protagonista oraingoan ere azaro eta abendu bitarteko hamabost egunetan zehar. 16 urtetik gorakoak gonbidatuko dituzte horretara, eta izena emateko epea aurrerago zabalduko dute.
---------------
Yassin (Kalebarren denda): "Euskaraz erantzutea eskertzen dute"
Rifekoa da Yassin, Maroko iparraldekoa, eta zazpi urte daramatza Euskal Herrian. Orain dela urtebete hartu zuen Kalebarren dendako ardura anaiarekin batera.
Zelako harrera izan duzue?
Bikaina, oso gustura sentiarazi naute. Salmentak poliki doaz, baina gero eta hobeto.
Euskaraldian parte hartzea erabaki duzue; zergatik?
Norberaren hizkuntzari eutsi egin behar zaio, eta horretan lagun bagenezake, aurrera. Rifen ere antzekoa da egoera; geure hizkuntza eta bandera ditugu eta independentzia gogoa ere badago.
Euskaraz ere bazabiltza ikasten…
Euskaltegian ibili nintzen, baina ez nuen askorik ikasi. Dendan nagoenetik, ostera, izugarri aurreratu dut, jendeak erakusten dit eta. Gainera, herritarrek asko eskertzen dute euskaraz erantzutea.