Jai herrikoiak aldarrikatu dituzte lehen manifestazio zaratatsuan

Maider Arregi 2020ko abu. 13a, 20:08

Argazkiak: Aretxabaletako Gazte Mugimendua

Aretxabaletako Gazte Mugimenduak jai herrikoiak aldarrikatzeko lehen manifestazio zaratatsua egin du. Hala, ospatuko ez diren Andramaixak gogoan izan dituzte. Hasi aurretik, ordea, Ertzaintzak gazte bat identifikatu du eta ekimena osasun neurri zorrotzekin egingo zela baieztatu du. Arazorik gabe egin dute manifestazioa eta amaieran komunikatua irakurri dute plazan.

Gazte Mugimenduaren manifestua

"Jai Herrikoiak!

Hilabete gogorrak atzean utzita elkartu gara gaurkoan. Ez dira garai errazak izan, eta, jakin badakigu, hemendik aurrerakoak ere ez direla horrelakoak izango ziur aski. Ezjakintasun, ziurgabetasun eta zalantza artean egon gara igerian azken urte honetan, norabiderik gabe, etorkizun ilun bat irudikatuz.Testuinguru honetan heldu gara abuztuko aste hauetara, eta, egoerak eskatzen duen bezala, aurten ez dugu herriko jairik izango. Ez da erabaki erraza izan, guretzat Andramaixak parrandarako eta ondo pasatzeko egun batzuk izateaz gain, urte guztian ilusio handiz egindako lana, harreman, zein ilusio guztien erakusleiho direlako, baina egoeraren larritasunari erreparatuz eta jaiek sortu ditzaketen pilaketak saihesteko, Atxabaltako Gazte Mugimenduak aurten ez du egitaraurik aterako.

Urte asko daramatza herri mugimenduak jaiak herritik eta herriarentzat sortzeko espazioak eskaintzen eta generazioz generazio herrigintzaren ari luze hori luzatzen, elkarri gure gainetik izarrak bakarrik daudela siñistarazten, herrixa eta gerrixa mugitzen... Txosnagunea jai giroa eta gauarekin lotzen den arren, balore eraldatzaileen, harreman berrien, elkar zaintzen eta aurrera begirako hamaika amets eta proiektu berriren topalekua dela azpimarratzea dagokigu, eta, aurten, tamalez, guzti hori barik geratzen gara. Aurretik datozen egunetan txosnaguneen bezalako tresnek gure herriko jaietan duten garrantzia nabarmentzea nahi dugu, bai eta azken urteetan herriko ehunka gazte bakoitzak bere esparrutik eta bakoitzak bere modura, hau guztia eraikitzeko egindako lana eta inplikazioa: asanbladetan, sare sozialetan publikazioak zabaltzen eta partekatzen, turno bakoitzean, kontzertuetan, auzolanetan, gazte bazkarietan, dantza eta kantu bakoitzean herria egiten duzuenoi beraz, eskerrik beroenak!

Aipatzekoa da ere sortzaileek jai herrikoietan duten papera, zuen gabe ez legoke herririk egiterik eta! Azkenik, goraipatzekoa da aurtengo asanbladetan egon den parte hartzea, inoiz baino jende gehiago elkartu baita. Horrek, argi erakusten digu egoera ziurgabeetan ere Atxabaltako gazteek herria eraikitzeko duten ilusio eta nahia. Pasatako hilabeteetan begirada jarri ez gero, esan genezake ez direla garai onenak izan Gazte Mugimenduarentzat, ziurgabetasun, beldur eta zalantzaz jositako hilabeteak izan baitira. Lanean ibili gara testuinguruak eskaintzen zuen ezjakintasunetik jaiak birplanteatu eta egoerak eskaintzen duen neurriekin egitarau txiki zein ezberdin bat ateratzeko. Dena den, argi eta garbi esan nahi dugu aurten herriko jairik antolatu ez arren, inoiz baino indartsuago gaudela aurretik ditugun Andramai guztietan zehar Atxabaltako kaleak ilusio, kolore eta borroka ezberdinez betetzeko/janzteko/bustitzeko. Burumakur, bakarrik eta isilik nahi gaituzte, sumiso, geldirik, etxean... baina inoiz baino ozenago diogu gazteok elkartu eta gure ahots propioz hitz egin eta erabakitzen hasteko ordua dela, kalean garelako, kalea garelako.

Garai gogorrak utzi ditugu atzean bai, eta aurretik datozenak ere gogorragoak izango dira seguraski, baina guk, gazteok, batu, antolatu eta kolektiboki elkar babesteko guneak sortzeko inoiz baino behar handiagoa daukagu. Orain arte bezala kaleak hartu, geureganatu eta gazte aldarrikapenez betetzen jarraituko dugu. Horregatik, datozen egunetan ekimen ugari egingo ditugu, kaleak gazte aldarrikapen eta hotsez betetzeko: jai herrikoiak, gazteon aurkako kriminalizazioa, sortzaileak, neska* gazteak... bost egun, hamaika aldarri eta amaigabea den ilusioa eta indarra. Kalean gara, kalea gara! Gora Atxabaltako Gazte Mugimendua!GoraAndramaixak!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak