Felix Iñurrategi hil zela hogei urte bete dira

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 28a, 08:33

2000ko uztailaren 28an, Gasherbrum II mendian, hil zen Felix Iñurrategi Iriarte (Aretxabaleta, 1967). Alberto anaiarekin batera igo berri zuen 8.035 metro dituen Himalaiako mendia, Pakistango lurretan. Tontorrera ondo iritsi ziren eta baina jaitsieran gertatu zen zorigaiztoko istripua; amildegitik behera erori zen, 400 metrotatik behera.

Kolpe gogorra izan zen Aretxabaletako herriarendako, eta euskal mendizaletasunarendako. Handik urtebetera, Felix gogoan izateko, eta Baltistango Hushe bailarako komunitateetan bizi diren pertsonen giza garapena sustatzeko Felix Baltistan fundazioa sortu zuten.

Hamabigarren zortzimilakoa

Mendiarekiko zaletasuna gazte-gaztetatik sortu zitzaien bi anaiei. 1986 eta 1987 artean artean Alpeetara jo zuten eta gero, Yosemite Parke Nazionala izan zen hurrengo deskubrimendua anaientzat, 1989an. Ondoren, Himalaia aldera egin zuten azkenik, eta 1990ean igo ziren Pumori tontorrera (7.161 m). 

Haren ostean zortzimilakoak iritsi ziren. 1991 eta 2000 artean hamabi igo zituzten:

  • 1991: Makalu (8.465 m).
  • 1992: Everest (8.848 m).
  • 1994: K2 edo Chogori (8.611 m).
  • 1995: Cho Oyu (8.201 m) eta Lhotse (8.516 m).
  • 1996: Kanchenjunga (8.586 m), Nepal eta Shisha Pangma (8.046 m), Tibet.
  • 1997: Broad Peak (8.047 m), Pakistan.
  • 1998: Dhaulagiri (8.167 m), Nepal.
  • 1999: Nanga Parbat (8.125 m), Pakistan.
  • 2000: Manaslu (8.163 m) eta Gasherbrum II (8.035 m).

Felix hil ostean, Albertok beste bi zortzimilako igo zituen:

  • 2001:Gasherbrum I (8.068 m), Txina-Pakistan.
  • 2002: Annapurna (8.091 m), Nepal.

Felix gogoan

Eskoriatzako Karmelo Oñate marrazkilari eta ilustratzaileak Felix Iñurrategiren omenez egindako marrazkiarekin izan du gogoan mendizale aretxabaletarra heriotzaren 20. urteurrenean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak