Aurrekontuaren doiketa aho batez onartu du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2020ko uzt. 9a, 13:30

Udalaren diru-sarrerak 1.373.500 euro murriztuko dira eta hori konpentsatzeko gerakinetik 1.150.000 euro bideratzea onartu dute; gainera, liberatutako bi zinegotzien lan jarduna murriztuko dute eta horiek zein alkateak ez dute aparteko ordainsaririk jasoko.

Galartzako dorretxean elkartu zen udalbatza eguaztenean, uztaileko osoko bilkura egiteko. Distantziak bermatzeko leku bila joan ziren hara, eta zenbait zinegotzi lehenengoz sartu ziren bertan. 2020ko Udal aurrekontuaren doiketa izan zuten gai nagusi, eta horren baitan, liberatutako zinegotzien lan jarduna ere bai.

Hainbat partida "blokeatu"

Koronabirusaren osasun krisiak izan duen eragin ekonomikoaren ondorioz murriztu egin dira Udalaren diru-sarrerak; eta bereziki bi alorretan emandako jaitsieraren ondorio dira: Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik 1.014.000 euro gutxiago jasoko dira –%20 gutxiagorekin kalkulatua–; eta udal zerga eta tasen bilketatik, 400.500 euro gutxiago.

Murrizketa horiei aurre egiteko 2019ko ekitaldiko diruzaintzako gerakineko –2,6 milioi euro inguru– 1.150.000 euro erabiltzea erabaki zuten. "Gerakina izango ez bagenu zorpetu egin beharko ginateke oinarrizkoei eusteko", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak. Gerakineko gainerakoa 2021ean sor daitezkeen beharretarako gorde dute.

Horrez gain, hasierako aurrekontuan jasotako hainbat partida "blokeatu" egingo dituzte eta 238.000 euro jaso hortik; horien artean daude: kiroldegian eguzki plakak jartzea, txakurrendako aisialdi gunea atontzea, eta Bedarreta auzoko irisgarritasun lanak. "Behar beharrezkoak ez diren lanak geratu egin ditugu eta aurrerago aztertuko dugu heldu ahal izango diegun edo ez", zioen Elkorok. Herriko elkarteei Udalak ematen dizkien diru-laguntzak ere doituko dituztela iragarri zuten eta talde bakoitzaren egoera haiekin aztertuko dutela adierazi.

Aho batez onartu zuten doikuntza eta EH Bilduko Mikel Uribetxebarria gustura agertu zen: "Aurrekontuak jaitsiera garrantzitsua izan du eta logikoa da hori egokitzea. Dena den, guztiari artazia sartzea ez dugu uste aproposa denik eta lortu murrizketa batzuk ekiditea".

Gizarte Zerbitzuetan gora

Gizartze Zerbitzuen arloan, ostera, igoera izango dela adierazi zuen Elkorok. Etxerik etxeko laguntza zerbitzura 90.000 euro gehiago bideratu dituzte eta partida 300.000 eurora igo; eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara 104.000 euro gehiago. "Orain arte laguntza eske etorri ez den talde bat agertu da eta horiei erantzun behar diegu". EAJ Udal taldeak, gainera, 5.740 euro bideratu dizkio Caritasi, sortutako beharrei erantzuteko. 

Lan jardunen murrizketa

Alkatearen esanetan eredugarriak izatea dagokie, eta ildo horretatik liberatutako zinegotzien lan jarduna murriztea onartu zuten, hainbat bilera ondoren bi alderdiak adostasunera iritsita. Hala, Ainhoa Caberok %75eko lan jarduna izango du, baita Ion Albizuk ere –%50 HAPOra bideratuta eta %25 EH Bildura– eta talde politikoei egindako ekarpenetik 5.000 euro aurrekontura bideratuko ditu EH Bilduk. Gainera, aparteko ordainsariei uko egin diete bi zinegotziek, eta baita Elkoro alkateak ere. Neurri horiekin urtean 55.000 euro inguru aurreztuko dituztela adierazi dute. "Ez da guk hasieran proposatutakoa, murrizketa txikiagoa da, baina onartu egin dugu", zioen Elkorok.

EH Bilduko Uribetxebarria pozik agertu zen: "Plan Orokorra garatzeko koordinazioaren ardura dugu guk, eta horretarako gutxieneko dedikazio bat behar da. Horregatik, kezkatuta geunden lan jarduna erdira murrizteko proposamenarekin. Irtenbidea adostu dugu, eta pozik gaude; dedikazio murritzagoarekin baina hor egongo gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak