Bonuen kopurua handitu egin du Udalak, 1.300 jarriko ditu hilero

Mirari Altube Arrese 2020ko mai. 28a, 08:50

Maiatzaren 18an sortutako ilara bonuak erosteko.

Maiatzeko bonuek izandako arrakastaren aurrean eta herriko negozioetan "eragin ekonomikoa handiagoa" izan dadin 1.300 bonu jarriko ditu Udalak orain, herritarren eskura. 1.000 bonu izango dira 50 eurokoak, eta herritarrek 40 euro ordainduko dituzte, eta 300, ostera, 5 eurokoak. Astelehenetik izango dituzte Arkupen salgai.

Maiatzaren 18an jarri zuen abian Aretxabaletako Udalak merkataritza, ostalaritza eta negozio txikietan kontsumoa bultzatzea helburu duen bonuen kanpaina eta 950 bonu jarri zituen, herritarren eskura (50 eurokoak 650 bonu, eta 5 eurokoak 300). Orduan izandako arrakasta ikusirik, 50 eurokoak bi egunetan agortu ziren, erabaki du bonu gehiago eskaintzea hilero. Horren xedea da herritar gehiagori erosteko aukera eskaintzea batetik, eta bestetik, tokiko establezimenduek diru-sarrera gehiago izatea.

Hala, 50 euroko 1.000 bonu (taloitegi bakoitzean 5 euroko hamar bonu) banatuko dira. Bada beste aldaketa bat ere, prezioan hain zuzen ere; herritarrek, orain, 40 euro ordainduko dituzte taloitegiak (35 euro beharrean) eta Udalak, gainerako 10 euroak jarriko ditu. "Aldaketa horrekin kanpainari atxikitako negozioetan hilean 50.000 euro mobilizatzea espero da", adierazi dute Udaletik eta zehaztu dute, maiatzean, "32.500 euroko eragin ekonomikoa" lortu dela ekimen horren bidez.

Bestalde, 16 urtetik beherakoei bideratutako 5 euroko taloitegiak, 50 zentimoko hamar txartelekin osatutakoak daude; maiatzean legez, oraingoan ere, 300 bonu banatuko dituzte. Aldaketa prezioan dago, bonu bakoitzagatik 4 euro ordainduko dituelako erosleak (3,5 euro beharrean), eta euro bat jarriko du Udalak.

Ekainaren 1etik Arkupen

Astelehenetik aurrera salduko dituzte Arkupen bonu horiek, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean. Urte bukatu bitartean, hilero jarriko dituzte salgai 1.300 euro, abuztuan izan ezik.

Oraingoz 87 negoziok bat egin dute ekimenarekin: arropa dendak, harategiak, ile-apaindegiak, estetika zentroak, okindegiak, optikak, lurrindegiak, zapata dendak, gozoki dendak, aurrez prestatutako janaria, fruta dendak, tabernak, jatetxeak, elektrizistak, estankoa, prentsa eta erloju denda, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak