Egoerak baldintzatuta egon arren, aurtengo Euspot lehiaketara lan mordoa aurkeztu dira, bailarako zenbait herrietakoez gain, Euskal Herriko leku askotako lanak jaso dituzte aurten antolatzaileek: Ibarra, Hernani, Durango, Tolosa, Getxo, Aretxabaleta, Eibar, Gasteiz, Irun, Eskoriatza, Berriozar, Azkoitia, Ordizia, Txantrea, Zizurkil, Bilbo, Gueñes, Bergara, Arrasate, Aramaio...
2500 euro saritan
Guztira, Euspotek 2.550 euro banatuko ditu saritan, honako bost kategorietan banatuta:
1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro
Publikoaren sarirako boto kopuru itzela
Publikoaren boto gehien dituen spotak 500 euro jasoko ditu. 2.600 boto baino gehiago jaso ditu aurkeztutako lanetako batek aurten, inoiz baino gehiago. [Hemen, lan guztiak ikusgai].
Aurtengo edizioko gaia, Zer dago janzten dugunaren atzean? izan da. Hala, parte-hartzaileek kontzientziazio kanpaina baterako spota sortu behar izan dute, moda azkarrak eragiten dituen ondorio negatiboak ikusarazteko.
Sormenari buruzko online formakuntza
35 minutuko online formakuntza sortu dute aurten Gorka Montiel ikus-entzunezko sormenean adituaren eskutik. "Helburua izan da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea". Hala, lehiaketaren inguruko informazioa eta baldintzak azaltzeaz gain, publizitatearen inguruan hitz egin eta ideiak, ereduak eta kanpainak ikusi eta azaldu dituztela adierazi dute antolatzaileek.